1994-01-16
idatzi mota: Iritzi zutabea
EZLN
BIZIAN hitzaldi bakarra eman dut, eta hura ustekabean, halabehar misteriozkoak hartaraturik. Tokia: Mexikoko Toluka hiriko Kultur-etxea. Eguna: 1989ko azaroaren 8a. Gaia: euskara. Aditzaileak: indio beltxaran begi-ezkel mordoxka bat, otomi, nahua, matlaltzinka eta beste. Han nonbait ibiliko da argitaraturik; ez dut egundo ikusi. Dena eskatzerik ez dago, eta indio haiek, zer egingo zaio, kontzientziatuak ziren, erdaraz ikasiak. Horretxek elkartu gintuen; baina ez, gure mixiolari internazionalista gehienentzat bezala, Erdarak, baizik haien eta nere euskararen gainetik erdara berbera izanak.
Kontua da bihurritu egin direla, hanka-joko eta esku-joko latza atera dutela: ez dut pedantekiago esan nahi. Jakin bezain laster, nere orduko aditzaile haietxek eta haiekin hitzegindakoak etorri zaizkit gogora. Aski dut horrekin: ez dut entzun ere egin nahi kazetari, intelektual, ikertzaile, soegile eta gainerako adituen txorakeria burutsurik. Behekoak goikoen kontra atera dira: lurra dela, bizia dela, betikoa dute arrazoi, eta arrazoi dute beti, izen-numerorik gabeko eta ideia gezurrezkoz engainatu gabeko herri-jendearen arrazoi betierekoa. ‘Ejército-k’ etsaiaren antz handiegia du. ‘Zapatista-k’ ista eta ismo guzien gaitza: bestenaz Zapata indio naturala zen, hizkuntzaz nahuatlduna. Litekeena da gerora tratuz, akordioz eta panderoz denak buruxkila exekutibotuen mendean amiltzea ere. Baina ixo: bego etorkizun beltza etorkizun. Eta ‘Liberación Nacional’ itsusi hori? Gehientsuenek bestela uste badute ere, Nazioaren atzaparpetik libratzea izan behar luke horrek, Nazioa desegitea, ez besterik.
Hil bedi Nueva Españaren alaba Mexiko! Bizi bedi indio bihurriaren amorrua!

