1995-03-12
idatzi mota: Iritzi zutabea
Ilekoa
Aspertu naiz artikulu txoroak idazten. Gaurkoa serioa da eta aitormen latz batekin hasiko naiz: nik bihotzekorik edo gibelekorik ez dut, hilekoa ere ez dut egundo probatuko, baina ilekoa bai, ilekoak aspaldi jo ninduen kopetatik gorako paraje horretan. Bigarren aitormena, txit parregarria: nik oraindaino zenbait inuxente engainatu ditut esanez ezen, nola, umetako gaitzak direla medio, odol-emaile ezin izan nintekeen (ezin odoilik eman ez Lagun-hurkoaren, ez Aberriaren, ez deusen alde), zerbait emate aldera, bada, ile-emaile egitea erabaki nuela, buru-gaina neure gogoz bakanduz.
Baina heldu zaigu ordua gezur politak utzi eta egia ederrak agertzekoa. Zientziak ere badaki tarteka egiantzeko konturik asmatzen, eta eboluzioaren teoria lagun harturik, aise jabetzen ahal gara animalien eboluzioaren joera garbia izan dela ezkataz edo lumaz gabetu, larrua findu eta ile-bizarrak eginahalean urritzekoa, halako moldez non duda gutxirekin baiezta baitaiteke giza-pertsona dela eboluzioaren kate horretan den animaliarik aurreratuena, eta aurreratuetan aurreratuena, berriz, beraren alderdi emea, hau da, emakumea, izanik hau larruz finena eta ilez urriena. Arrazoi-modu berberak garamatza, ordea, deklaratzera badela bere bikaintasunean emakume hilekoduna hausten duenik ere, eta hori da, jakina, gizakume ilekoduna, sortzez ez baina gerora, harrotasunez edo, buru-gaineko ilea botatzen duena, eta oroz gainetik, 25 urterako arrunt kaskasoildu eta buruko gazta zuri eder distirantarekin inguru guztian argi egiten duena, gauaz ipurtargiak bezala: horixe da, eta ez beste inor, animalietan bikainena, beteginena eta biribilena, eboluzioaren gailurra eta goi-gorengo erpina.
Lastima, nere moduko erdipurdikoentzat, aukeratuen gailur hori harrapatu gabe gelditu izana.

