logoa

1994-01-30

idatzi mota: Iritzi zutabea

Oporkunde

Umetatik dakigu lana kaka dela eta gauza ona izan balitz ez zela guretzat ¡zango. Eskolan erakutsi ziguten ordea, helduko zela eguna aurrerapenaren makinek lanaren zigorpetik libratuko gintuztena eta, hartara, potrojorra santuaren esnemamitan biziko zela berriro hankabiko zomorroa. Dena gezurra: iruzur handiagorik ez da ezagutu eguzkiaren azpian.

Aurrerapena aurreraminez emaldu eta Garapen izeneko munstroa jaio zen. Zer behar da jendea bizi dadin?, egiten zuen aurrerapen zaharrak. Garapen zital horrek berriz: zer behar da dirua bizi dadin, dirua mugi dadin, ekonomia hazi eta merkatua zabal dadin, hutsaren eta litxarreria hutsalen produkzioak segi dezan? Hiru munduetako lau bazterrak autoz, telebistaz eta mikrotxipez bete ondoren, ze teknozaborki asmatuko dugu jendea bizi ez dadin? Ba, erloju suntsikorra adibidez: ezkildorretik kristo guztiaren eskumuturrera ekartzeari gutxi iritzirik, orain berriz, bizi guztirako izaten ziren haien tokian, hilabete batzutan betikoz akitzen den erloju merkea ornen dakarte merkatari interaktiboek. Aspaldi utzi zitzaion, izan ere, gauzak produzitzeari; fede berrian produkzioa bera da produzitzen dena, hau da, produkziorako aitzakiak, lan-orduak, denbora huts bizi-betegarria, lana bera, hau da, kaka. Aurrerapena buru-buztanka: kakatatik aterako gintuela esanez hasi eta kaka produzitzen bukatu.

Osteguneko Oporkunde hori berriz polita. Nafarroako ihaute famatuenen atariko ostegunean jarri zuten sindikatuetako exekutiboek, nork bere joaldunak eta mozorroak atera zitzan. Bi alderdietako ttuntturroak elkarrekin aseko dira orain Garapenaren ipurtzuloko kakajarioz, eta guk ez dugu, ni beldur, Zanpantzar triste honen azkenik pixkatean ezagutuko.

< atzera