1994-07-31
idatzi mota: Iritzi zutabea
Gaupasa
Hitz ederrak zabaldu genituen behinola euskararen mugetatik haratago: ‘akelarre’, ‘ezker’; baina bai ongi maxkalduak itzuli dizkigula arrotz eskerbeltzak: akelarrea etnojakintsuen jostailu idor bihurtua eta ezkerra, denik mojatxo gajoena edo exekutibo estuena ere ikaratzeko gauza ez dela.
Gure asmazioetan erortzen azkena ‘gaupasa’ izan da. Galdu ditu gauak desordua eta desordena; ezkutatu da gauaren misterioa urratzera menturatzen ziren gautxorien arraza bekatuzkoa. Merkatuak bete du gaua, diruaren mugitu-behar itoak ez baitu gau-egunen etenik ezagutzen. Lan-egun elkorrena bezain arautua eta egitarautua utzi du Garapenak gaualdi ustez basatiena ere. Lehengo gautxori bakanen sasi-oinordeko diren gaupaseroen samaldari, ustekabeko gau-festa etengabeko gau-lan bilakatu zaio. Batetik laura: «bat, bat, bat, parrandan ibili bart» kantatzen zuten lehen, eta orain, aldiz, «lau, lau, lau, larrutan del bakaiau» (apenas gehiegi egiten den, droga sintetiko eta dantza analitikoen ekaizpean). Hori aski ez dela, edozein herrjtako festen programan joko duzue begiz gaupasa ofizialaren egitaraua, manifestazio ordenatuak, prozesioak eta toreroketak (Azpeititik ari naiz) bezain artatsuki antolatua.
Behin batean munduari ‘langile jauna’ esaten erakutsi zion Volkswagen L. Derriortuak adierazi zuen ez zela gaupaseroekin aterramentu onik. Ez nion exekutibo burutsuaren antzik hartu. Norbaitek honuzkero esan izango dio gaupaseroaren bixaje bentzutuan Ongizatearen martiri baten piura ikusten ikasi beharra duela: ‘gaupasero jauna’. Batere ez harritu: gaur ‘VW Pink Floyd’ auto-modeloa atera duen enpresak ‘VW Gaupasa’ atera dezake bihar.
Agian balegoke lau gaupasa erabat egitea baino azio hoberik. Asmatu egin behar.

