logoa

1995-02-12

idatzi mota: Iritzi zutabea

Euskaldun On

Horrelaxe irakurtzera ari dira jartzen nere bi begiak egunkari edo fedabide honen izenaren aurreneko hitza. Gauza jakina da zer entzun behar zuen behinolako euskaldun onak igandean edo Jaunaren egun sainduan, baina ez dakienik balego, badaezpada markatuko dut hemen entzun beharreko horiek zirela Jaunaren Hitza eta, ondoren, sermoi latza. Usadio beneragarri hori eginahalean gorde nahi lukeela dirudi orain fedabide honek, eta igandez, igandero ez bada ere, orri-mordoxka-bete prediku, erakusaldi eta dotrina on zabaldu irakurleen arimen probetxurako.

Zaharrak berri, beraz, baina ez, axaletik bederen, zaharberritzerik gabe. Erlijio zaharra eternitateari begira bezala, gaurko dotrina berria aktualitatearen mirabe (eta, aldi berean, sortzaile) agertzen zaigu; lehengoa betikotasun gatzatutik dilindan bezala, oraingoa gaurkotasun errabiatuaren tiranotzak azpiratzen du. Betiereko Jaunaren lege aldaezin hura astun xamarra kausitzen nonbait gaurko munduari irentsarazteko, eta hargatik sortu bide zen aldakortasun hazkorraren legea, eta, beti-bateko aginduaren tokian, gau-biharretako ezinbestea: «gaur, gauzak hola eta hola dira, eta bihar, ezinbestean, hala eta hala izango dira»; adibidez: «gaur, trenean 250 km. egin behar dira orduko, eta bihar, ezinbestean, 500 km. egin beharko dira». Engainagarriagoa egin da legea, Zientziaren arrimuan.

Hemen bota ditudanak behar bezala aditzeko, behar zenuke jakin gaur hamabost ekin ziola fedabide honek ‘Zientzia eta Teknologia’ izeneko tekno-dotrina ateratzeari, eta han, beste fedeko gezur zenbaiten artetik, erlijioari deitzen zaiola zientzia, politikari (politika ultraeskuindarrari) teknolojia, apaizari injineru, modari iraultza, txikizioari eraikuntza, exekutiboari bidaiaria, hondamenari salbamena, itomenari arnasberritzea, erlojupekoari erosotasuna, erosotaunari atzerapena eta urdaiari abiadura. Ez da ez, ahuntzaren gauerdiko orgasmoa, eta komeni zaizu jakitea.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera