1997-01-23
idatzi mota: Zuzendariari
Liburuak sutan
Liburudenda bat erretzen saiatu dira Donostiako Parte Zaharrean, izenez Lagun. Ez noa erabakitzera ongi ala gaizki dagoen ekintza hori, zer erre behar den, erre litekeen eta zer ez. Baina eman dezagun baietz, liburudendak erre litezkeela, ez dela alferrikako lana. Bada, orduan, jaun-andreak, Donostiako Parte Zaharretik atera gabe, ez al dakizue nola dagoen beste liburudenda bat, barkatu megadenda bat erreklamo bezala Julio Iglesias eta José Luis Perales eduki ohi dituena, abertzaleekin ondo gelditzeko euskararen alde ornen dagoena, hiper-eroski baten giro hotz hiper-kontsumista berbera dueña, iragan zintzo bati esker bere izen ona gorde nahi lukeena? Izenez, Vilinch, bai, horixe bera. Eta erretzen hasi, eta esaidazue: begiratu batari eta besteari, eta ez al zaizue bigarren hori erretzea askoz naturalagoa eta tentagarriagoa egiten? Bistan dago baietz. Eta alferrik esango duzue ezetz, batzuk espainolistak eta besteak euskaltzale direla, eta abar. Pegatinak jaztea oso erraz da. Fundazioak egitea ere bai. Diruak eta exekutiboek ez dute aberririk, ez hizkuntzarik eta ez lotsarik.

