1995-08-13
idatzi mota: Iritzi zutabea
Inaziyo
SANTU gudaria eta, loiolatar denak bezala, harroa. Loiolak izorratu zuen Azpeitia, lehen zoro garbiz eta mozkor errematauz betetako herri aldrebesa ¡zana: Ermoxo, Bixer, Patxipirata..., psikoterapiak, telebistak eta polizia zientifikoak galdu (bergizarteratu) dute azkenik zuen hazia. Azpeitiano fina da prozesioko pausoan kalean gora-ta-behera dabilen buru-ttentte ‘satisfetxue’: hargatik gara hainbeste jesuitakume, enpresari abertzale, bertsolari, torero-usteko eta mendigoigile duen herria. Festan zoro-plantak egiten ederki dakigula eta festazaleak gara ustez, baina orduantxe, eta batik-bat santu herrenaren omenezko egun distiratsuetan erakusten dugu hobekienik gure izaera tonto-harro lehor ikusmirantea.
Eta ez dira munduko festarik eskasenak, auzo-herriari eskerrak eta graziak. Munategiz handikoaldean, izan ere, bada herri xano-putz bat, ixilpean eta gaizkiesaka bada ere, azpeitiarren inbiritan urtua bizi dena. Apropostakoak dira haien danborrada eta suzko erroberak; zezena errapeak galdutako behia delakoan daude; eta ‘elau preskue’ jan ezkero berriz, bapo Axkoitiko Andramayetan... Trikitilari eta pilotari-ohia ez ezik, zalduntxo, astajakintsu, politikoño eta literatoa ere lepo: talentuz eta xentxibilidadez gainezka egindako jende aukeratua. Uste ez badute ere, diruzaleak gure aldean: festa-aurrean Amari «botaizu loterixe» kantatzen diote xano-xano. Harro-kontuan berriz, azpeitianoak baino areagokoak; ez baita jendaki harroago, putzago eta ustelgorik bere buruagatik noblea eta sanoa dela esaten (eta sinisten!) duena baino. Horretan sasi-napar arrandiosoen senide bixkiak dira.
Tonto-harroak eta xano-putzak: izen ederrak nere gaurko gezur politentzat.

