logoa

1993-09-12

idatzi mota: Iritzi zutabea

J.C. eta F.C.

J. C. bere gaitzak bizi zuen eta bere gaitzak eraman du. «Ez ornen huan oso betea»; «etzian asko faltako horren errez joan denean»: ez, eskizofrenia autosuntsitzaileak ez du barkatzen. Orok dakitena da.

«F.C. del Urola» (hala irakurtzen zen bagoi berde xahar haietan). Arkauteko ezbehar deitoragarria gertatu eta handik bi egunera ekintza terrorista Azpeitian. Ezezagun batzuek (horrela esaten da ezta?) arraxtadaren bat egin diotela Trenbidearen Euskal Museoa deituari, eta haiek gaiztoak, haiek J.C. bezain deabruak eta burugabeak: «Euskal Kultura eta Historiaren aurkako atentatu arrazoigabea». Terrorista gaitzizenez ezagutzen direnen betiko gaitz sendaezina: haiek gaiztoak, eta besteentzat, Zumarragatik Zumaiarainoko trenbidea desegin zuten eskizofreniko suntsitzaileentzat adibidez, Txirritaren lapur handientzat bezala, «libertadia» eta «beti zabalik atia». Museoak gauza hilentzat dira: Artearentzat, Historiarentzat, Kulturarentzat, Ondarearentzat, Zientziarentzat edo Sexuarentzat (sex-museum batean sartzea aski, haragiak baretzeko). Gure herriko hori berriz, urteetan bizirik egona betiko hil zutenek idatzitako erreibindikazio iraunkorra baizik ez da: aurrerapen errentagarriaren pozoiak herdoiltzen utzitako hilotz mekanikoen erakustoki makabro gainzuritua (ez dago itsuskiago esaterik). (Bidenabar: ez da bazterrak ikaratzeagatik baina inguruetako Umeen Museo bakarra ere Azpeitian daukagu: zeuek atera kontuak). Terrorista gaiztoen alde ni? Bai zera! Ez, ez: demokrata eta bakezale fin agertu nahi dut gaur. Hona proposamena: kaka-ume txoro gixaixoren batzuek gaizki hasitako lana buka dezatela ongi giza-emakume zuhur zentzudunek; datozela agintaritxo eta politikoñoak museoa oso-osorik erretzera, eta suak bere lana egin ondoan, batzuk zutik eta besteak makurtuta, itzal dezatela beren maskurietako pixarekin. Haiek pixa egin eta herriak txalo jo: non festa ederragorik?

*** Oharrak: J.C. izeneko norbanako bat izendatzen du, baina identitate zehatzagoaren faltan, ez dut apuntatu
< atzera