logoa

1993-04-29

idatzi mota: Patziku

Apo ttipiari xapo haundiyek, bigarren eraso honetan, bakerik ez baina goraintziak bai:

Behin hartu nizkian lanak hiri erantzuten eta bigarrengoan ere ezin ba etsi, eta hemen nauk berriro ere hire guztizko giputx xuriek egingo ez omen luketen “bajezan” amildua. Jakin ezak horratik, ez nukeela nik holako behargairik hartuko edozein kultur-gixon trixterekin, ez: hirekin hartzen badut, beste zerbaitegatik duk, baina, nolanahi ere, ez nauk orain zergatik den esplikatzen hasiko, bestenaz zurikeriazko errosario amaigabe batean galduko bainindukek.

Ikusia izango duk noski nere gutunaren puskarik handiena Egunoroko Gipuxkarian argitaratua. Ze esango diat? Egia: jauntxoren bati erakutsi behar izan niola (Xaraxolari, zergatik ez esan), eta hark arren eta arren argitara emateko, eta horratx azkenean denen bistan. Barkatuko ahal didak nere ahulkeria edo alukeria! Nik ere ez bide diat hik aipatzen duan Orpustan eta Gil Beraren “nobletasun presturik” (hortarainoko santuak al ditugu, hi?: ea ba noiz ikusten ditugun aldare banatan!).

Erudito itxurak eginez egingo diat aurrera, aitortuaz, hori bai, huts egin nuela puntu batean bederen: nik esaten nian ea nola arraio hartzen huen hik aintzakotzat Nabarra-ren kontu hori, heure bizi guztian Nafarroa edo Naparroa besterik entzun eta esan ez huen horrek, alegia. Eta hau, agi danez, ez duk egia. Orain: garbi utzi nialakoan negok zein den lehenbiziko testuetatik hasi eta egundainokoan formarik erabiliena, hots, Nafarroa edo Naparroa. Zuek erabiltzen omen duzuen Naparra forma hori testuetan Enbeita, Kirikiño eta behin bederen Xalbadorrengan agertzen duk (neurriak hartaratua?); beste inon ez diat horren aztarrenik atera.

Baina gatozen izkribuetatik ahozkora. Damurik, ez diat uste Nafarroa guztian barrena egurasteko paradarik izanen dudanik (eta ezta, beraz, hiri afaria irabazteko ere), baina, nolabaiteko ordainez, 1925ean Euskaltzaindiak egindako Erizkizundi irukoitza izenekoa arakatu diat eta baita Ana M. Etxaideren El euskera en Navarra: encuestas lingüísticas (1965-1967) liburua ere. Oraingo honetan uste diat datuekin aspertu ez ezik ernegatu ere egingo haudala.

[1925]

Galdera duk: “Pregunta III 36: Desde Nabarra: Naparroatik, Nafarroatik ala Naparratik?”.

Erantzunak lumerotan (f/p alde batera utzita):

NAFARROATIK (+ -uatik, -otik, -utik...) 148 lekutan.

BESTELAKOAK 22 lekutan.

148 horietatik Nafarroako partean jasoak:

Abaurrepea, Iriberri, Arrieta, Oroz-Betelu, Osteritz, Huarte-Arakil, Irañeta, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Urdiain, Bakaiku, Lizarraga-Bengoa, Arbizu, Olazti, Urdazubi, Zugarramurdi, Bera, Lesaka, Etxalar (hemen Nafarra ere bai), Betelu, Huitzi, Lekunberri, Lezaeta, Azpirotz, Beorburu, Nabaz, Iragi, Lizaso, Gartzaron, Beruete (bi hauek Basaburukoak, edo nahiago baduk beste [?] Basaburukoak), Ituren, Zubieta eta Ezkurra (Basaburua).

Beste 22ak (guzti-guztiak, Nafarroakoak barne):

Nabarratik (Dima, Nafarrete [Araba], Zarautz [?]), Naparratik (Zaratamo, Galdakao, Akosta [Araba]), Naporratik [?] (Bedaio), Nafarratik (Zestafe [Araba], Hazparne, Aldude, Eskarotze, Etxalar), Naparretik (Zarautz [?], Taben [Basaburua]), Nabarretik (Beskoitze, Larzabal, Maule, Arberatze, Ustaritz, Donibane Lohitzun [honek agintzen dik Orpustanen bihotz-belarrietan]), Nafarretik (Donibane Garazi, Itsasu).

[1965-1967]

Etxaideren liburuan galdera duk ea nola esaten den “navarro”: toki batzuetan nondarra esan beharrean nongoa erantzuten diate eta honetxek eginen ziguk argi pixkot:

NAFARROAKO (+ -oko, -uko): Espartza, Orbaizeta, Beuntza, Etxaleku, Itsaso (Basaburua), Baraibar, Lakuntza, Arano (Basaburua), Narbarte, Bera, Etxalar.

BESTELAKOAK: Nabarrako (Lesaka [1925ean ez bezala], Arantza, Ziga, Eugi), Nafarrako (Etulain), Naparrako (Almandoz), Nabarreko (Eaurta).

Hau duk hau erudizio parrastada, e? Baina ez al da hau herriaren hitza jasotzea? Ez al huen horixe nahi? Ez al dituk horregatixe maite Orpustaundi, Urardo eta horiek “filologo erudito”-en sasi guztien gainetik? Haiek omen dituk mutilak, herria aintzakotzat hartzen dutenak, eta “filologo eruditoak”, berriz, inon diren xelebrekeriarik handienak “inposatzen” dituztenak: txakurren potruek!: ikusi duk ezetz; testuak eta herria, “erudizioa” eta “berezitasunak errespetatzea” ez zebiltzak beti elkarrengandik apartean; aitzitik, esanen nikek gehientsuenean bateratsu dabiltzala, baldin-eta testuen korpusa aski zabala eta ugaria baldin bada, ez baita hau beti gertatzen, eta alde horretatik arrazoi osoa duk OEH-ren mugak eta ezinak aipatzen dituanean.

Baina lehen begiratu batean dirudiena baino kontu latzagoa zegok hemen, eta bi hitzetan honela paratuko nikek guzti honen azpian dabilen borroka edo kontraesana:

BIHOTZ-BELARRIAK / DEMOKRAZIA

Bihotz-belarriek zer esaten diate hiri? “Naparra”, eta Orpustani? “Nabarra” edo “Nabarre”. Eta zer dio Demokraziak? “Nafarroa”, eta hori ez ezik  baita (hemen, hildakoen demokrazia ere sartzen duk) diezadakezu, iezaiozueanaia bat eta mila holako, eta hiretzat bereziki, txapel, txistu, txakur, Patxi(ku) eta gainerakoak.

Demokrazia paratu diat hor hau delako gure munduan Jainkoaren aurpegi berria, zapalkuntzaren azken itxura eta era, agintearen begitartea eta herriaren benetako etsaia. Eta euskarari ere bere ofizialtasuntxoa (eusk. batua...) eta, horrenbestez, bere artifizialtasuntxoa gainera erori zaizkion momentutik, Demokraziaren zerbitzura jarriak dauden lumeroen errotatik pasa behar... eta halatsu zebiltzik kontuak eta komeriak. Zer egingo diok? Borroka edo kontraesan hau ezkutatzerik ez zegok eta horri muturra bihurrituko dion Orpustan edo Gil Berarik ere ez duk jaio. Zeren nola berdintzen ditek horiek hemen darabilgun koska hau? “Nafarroa”-ren ofizialtasunaren ordez “Nabarra” edo “Naparra”-ren ofizialtasuna ezarriaz? Beste bihotz-belarri batzuk izanen hituzke orduan berdin-berdin minduak. Ofizialtasun oro ezabatuz, menturaz? Ez diat uste hainbestetaraino ausartuko liratekeenik. Baina, hala ta guztiz ere, kontraesan hori hausteko beste biderik ez zegok:

edo bihotz-belarriak, hots, ofizialtasun lumero-demokratiko, batasun eta holakoen axolarik batere ezin izan dezakeen hizkuntza bizia desegin, hartara hizkuntza planifikatu eta ofiziala soil-soilik izanen litzatekeelarik (hizkuntza hila, beraz: askotan iruditzen zaidak zenbait hizkuntzaren-tekniko eta literato erdi- edo laurden-euskaldunek hauxe iritsi arteko onik ez daukatela),

edo, bestela, ofizialtasun oro ezabatu, hizkuntza bizia tokian tokiko era desberdinetan biziko litzatekeelarik, biziko balitz. (Joera honen alde ateratzeko oraindainokoan irentsi ditugun ofizialtasun guztiak ahantzi beharko genizkikek: berandutxo izango duk, segurutik.)

Edo, bestela, badakik: kontraesan eta borrokan bizi, ahal baldin bada, batarekin eta bestearekin jostatuz, oraintxe han eta oraintxe hemen, gaur etxean eta bihar putetxean... ze esango diat ba nik? Bizitzari berari darion eromena, ez gehiago eta ez gutxiago. Eta bereziki adierazi nahi niakeena: eromen hau ez dik noski sendatuko “filologo eruditoak”, bain are gutxiago sendatuko ditek ustezko “herrizale” izenekoek.

Hitza bestera: nere hirekiko morrontza-lanak betetzera jo beharko diat neroni aspertu baino lehen. Ez didak lan makala jarri, dedio! Eskerrak idazteko gogoarekin harrapatu nauken bai, eta ahalik eta laburren eta zehatzen botako dizkiat bota beharrekoak, OEH-ren seigarren umetxoa munduratzeko azken xarrera edo txanpan ito xamartua nabilen hontan.

ARREO ETA BESTE. Lehengoan ere esan nian ez dudala uste holakoek Nafarroa (-oa eta ez -o) hitzaren sorreran deus ikustekorik dutenik. Aitzitik, susmoa diat holako hitzek (o-dunek) deikietan (Lekuona zaharraren hitzez esanik) dutela bere sorrera, “vocativo” moduan erabiltzetik datozela, gero izen propio moduan gelditzeraino. (Bidenabar esan, badituk animali-izenak pertsona-izenetik datozenak: azeri, bizkaierazko lukiAcenarius, Lucius.) Arreo, ederko eta horiena kontu zaharra duk gure artean; ik. 200 urteren aldearekin: “Eskuineko [idi] au ez da geiegi urratzen: deritza Ederko; [...] beste au da Arreo: balio du España guzia” (Agirre Asteasukoa, Eracus., II, 185 or.): “Arre, vaca de color entre marrón y gris. No suele faltar en los establos alguna vaca llamada Arrio, como tampoco alguna otra llamada Erko” (Bozas-Urrutia, “Aranoko hiztegia”, Euskera 1963-64, 213-221 оr.). -Ko euskal atzizki zaharra duk, baina -o horretaz ez nikek gauza garbirik esango. Izan ote daiteke erdaratik sartua, -o atzizki maskulinoaren antzora moldatua, deiki moduan erabilia izateko? Eta hori horrela izatekotan ba al du parean femininozko -a atzizkirik? Ala hemen ez duk sexu-bereizkuntzarik egiten? Baina enakume bati ez ginitxokek mozkortzio esango, ala? Honekin loturik, baditut animalien sexuari buruzko galdera batzuk txit interesgarriak, haien ar-emetasunari buruzkoak: ez sexu zientifikoaz edo zoologikoaz (hots, hortaz Zientziaren artikulu fedekoek erabakirik dutenaz), baizik, berez, hau duk, hizkuntzak, euskarak, senak, hots, arrazoiak dioenaz (arrazoia hizkuntzarena duk, ez Zientziarena: honek mespretxuz aipatzen dizkik beti herri-sinesteak, “mundu majikoa” eta horrelako inuzentekeriak egozten dizkiolarik; ez: majia, aztikeria eta horiek Zientziaren arbasoak eta ahaideak dituk, ez arrazoiarenak eta hizkuntzarenak). Beraz, nola da -o/-a kontu hori animalietan? Eta, euskal gramatikaren eta senaren beraren muina ukitzen duelakoz, hagitzez barnago doan auzia: nola dabil hikako mintzamodua animaliekin? Arrari toka eta emeari noka? Giza-gauzetan bezalatsu al dabiltza kontuak, hots: n-dunak emearentzat soil-soilik, baina k-dunak arrarentzat ez ezik baita sexurik markatu nahi ez denerako ere? (Badakik Emakunde eta giza-feministak honekin zeharo txolinduak dabiltzala: jendaurrean hika ez hitzegitea gomendatu ditek oraintsu, honelakoetan forma k-dunak erabiltzea agintzen baitik euskal senak; horrela ari dituk, hizkuntzari muzin egin eta Errealitate eta Ideien erresumaren azpian Gizonaren historia tristea berritzen.) Kontu honetan, beraz, lan polita egin hezakeela iruditzen zaidak, abereen edo abereekiko mundu hori gertu xamarretik ezagutu duan horrek: ni bezalako kale-ume orpoxuri batek eskertuko likek.

ERR(E)USTIZIE ITTEA. Hik dioan Leitzako aiton ilustratu horrek arrazoi duela esango nikek, hots, predikuetatik sartutako hitza dela. Ik. adibidez nola arrenkuratzen den gure Prai Bartolo, Icasiquizunac, I lib., ix: “Gueuri entzunda daquijeez baseerrijetacuac Jaungoico Omnipotentia, Poderosua... Virgina Clementisimia... [...] Doloria..., Errestitucinoia... ta beste onaco verba euscalgaistoco asco.” Hitza, hik dioan itxuran, ez duk ageri, oker ez banago, J.M. Aspiroz jaun leitzarrak 1963-a ezkero Euskera aldizkarian atera dituen Leitza-aldeko hiztegitxoetan. Beste nonbait harrapatu diat, ordea: 1878 urtean zarauztarrak, getariarrak eta oriotarrak elkar hartuta balea harrapatu omen ziaten eta baita gero zarauztar-oriotarrak getariarren kontra zapuztu ere; zarauztar batek zaputzaldi hori zela medio jarri zituen 22 bertsoetako batean hala ageri duk: “Egiten badezute / errustiziyua, / emango zazutela / ausoluziyua, / bestela or dezute / kondenaziyua" (Arrantzaleen bizitza, Auspoa, 37 or.). Ongi nabarmena duk bertso horietan kulpituan maiz entzundako hitzen oihartzuna. Bestalde, xelebrea egiten zaidana duk Leitzako err(e)ustizie horren bukaera: ez al da -zioa izango?

KOKO. Bejondeikela! Hitz honek berak bakarrik liburuxka oso bat beteko likek hortara jarri ezkero behintzat. Badik Satrus jaunak honetaz artikulu bat, eta huraxe irakurtzea gomendatzen diat: “A propósito del préstamo lexical kokoa”, Fontes linguae vasconum, 1989, 61-74 or.: datuak ugari xamar ematen dizkik; orain: hortik aurrerakoak, bere interpretazio antropologiko-soziologiko-etnologiko jakiunde goitarrezkoak kontuz eta neurriz dastatzea onena. Gure guztizko Mikolaxek bazian beti nafar-jendea bitan partitzeko joera: malkortarrak eta kokoak, mendialdea eta koko-herria. Ik. adib. 1918ko “Ittariek” poema: “Koko txaparrak il aiztoz / zorigaiztoz / malkortarrik mardulena!". Malkortarrak dik “musua zabal ta zuri, / lepoa lodi ta guri. / Oiñarin ta gerribiguñ, / zume ta aritza zirudin”.[...] “Koko lepamei, besabeltz, / kokobeltz, ankamei, ziri!” [...] “Malkortar bigun guria, / badirurik axuria!” Eta Euzko gogoa 1952 (3-4), 23 or.: “Nork esango dio euskaldun Naparroako koko bati? Nork esango Euskalerria euskeraz tutik egiten ez dan errialde bati?”

“Koko” esaten ziok larraundarrak Irurtzun-aldekoari, baztandarrak Belatez harunzkaldekoari, ultzamarrak Txulapein eta Iruñerriko jendeari: “Besteari” esaten zaiok koko, baina ez edozein “beste”-ri, baizik: goragokoak beheragokoari, euskaldunak erdaldunari (Orixeren kasuan), menditarrak lur zabalekoari, zuriak beltzagoari (?)... eta agian egunen batean esango ziok Perurenak muinak Mediterranioko beroak urtuta dauzkan Segurolari ere. (Iraizean esanda, nik uste diat saiatu beharko hukeela esplikatzen euskaldun populuari zertan den Mediterranio-sindrome horren giltza, beste harako bizkai-napar-giputxen ikerketa etno-sinboliko-pitagoriko hartan egin huen modutsuan-edo.)

“HAMALAUNEKOAK”. Azpeitiarrak dituk, ez azkoitiarrak. Nik ere “hamalau” hori urrutiko intxaurrekin-eta lotzen nian (“hamalau, bertara joan eta lau”; bidenabar, “hamalau dela uste” eta horiek Tolosa-aldean ikasi dizkiat nik, gure parajeetan ez zegok esateko ohiturarik), baina bazirudik gauzak bestela direla. Etxean argitasunik ez zidatek eman, baina bai adiskide batenean: haiek segurutzat jotzen diate izen hori jeneroa “hamalau xemeikotan” saltzeko zuten usadiotik datorkiela. “Xemeikoa” duk Azpeiti-aldean “txakur txikia”, hots, 5 xentimo. Honen indargarri moduan esanen diat bazela Azpeitian beste saltzaile edo dendari bat “Iru txiki” izengoitiz ezagutzen zena, zergatik eta gauzak “hiru txakur txikitan” [= 3 xemeikotan] saltzen omen zituelako. “Hamalautarrak” ezagutzen dizkiat bizpahiru, baina ezin harrapatu izan diat haietako inor: interesgarria huke “familiaren bertsioa” zein den ezagutzea, horrelakorik baldin badute behintzat.

Haien kontu edo ixtoriorik? Baduk bat bederen, txiste moduan-edo kontatu ohi dena; honelatsu:

“—Ik ba al dakik Azpeitiyen nun eite’eben amabost lagunek lo ta danak oe batien?

—Ezpa.

—Amalaunien: Amalauk andriekiñ”.

Nexkaxarkeria batekin emango zioat errematea nere gutun itxuragabeko honi. Heldu duk nere belarrietara, eta, zergatik ez esan, baita nere begietara ere Marasmus femeninus izeneko paper-mordo edo liburugai bat. Nik uste hori idatzi duenak eginahal guztiak eta bi gehiago egin behar lituzkeela egunaren argia ikus dezan, eta astindu, ikaratu eta asaldatu beharreko guztiak astin, ikara eta asalda ditzan. Ados ote nagoen autorearekin? Ze ados eta ze akuatro gero? Zera bezala egongo nauk ni ados! Horixe duk guttienekoa. Kontua duk liburu horrek izan ditzakeela, guttieneko kontuan, bi bertute: bata, giza-feministen etengabeko jardun tristea (Gizon Patriarkalaren Historia Unibertsala berritzera datorrena), Jainkoaren ordez asmatutako Estatua, Kapitala eta Demokrazia (edo populuaren aurka sortutako azken asmakari hilgarri-aspergarri-beldurgarriena)... eta antzeko bidutziak porrokatzen saiatzea (batzutan asmatzen duelarik, gainera); eta bestea, autorearen gauzarik gehienak bezala, euskaraz idatzia egotea, zein baita egungo egunean ia mirakuiluzko gertakaria: erran nahi baita euskara biziz eta itxura antzekoz idatzia dagoela, eta ez euskararen izenarekin saltzen den eta gure denbora dohakabe honetan pairatzea egokitu zaigun koko-erdalki sintetiko-zibilizatuan.

Aski eta gehiegi delakoan, besterik ez. Izan ongi eta hurrena artio.

Iñaki

< atzera

Jatorria: Besteak

Copyright mota:

Gaiak: hizkuntzalaritza

Etiketak · Hitz gakoak: