1995-04-08
idatzi mota: Iritzi zutabea
Sarea
Jaun eta jabe izan da katea gizona lotzekoan. Nekez irudika zitekeen erromatarren garaiko esklaborik edo Afrikari ebatsitako beltzik katerik gabe. Ederra zen katea bentzutuaren soinean: ikusgarria, astuna, bel-beltza.
Aspaldi galdu zuen kateak bere erregetza: baldarregia eta nabarmenegia izan nonbait, eta hausten ez oso zaila. Gaur egunean sarea dabil lainezan, eta sareak galdu du katea. Munduaren metaforarik onena bihurtzeko martxa darama sareak; dena da sare-itxurakoa, kasik lotura eta lokarri oro da sare: espiontzako sarea, errepideena, ikastolena, putetxeena...
Airean usoa, uretan arraina eta lehorrean edozer gauza harrapatzen du sareak, bertatik bezalaxe urrutitik ere. Sareak ‘informazio’ izena du orain, eta ‘telematiko’ du deitura. Internet eta gainerako ‘net’ guztiak dira lehorreko bolantak: edozer (‘zer’ eta ‘zertarako' haur-galderak dira hemen, erantzunik gabeak), edozer eta den-dena katiatzen eta korapilatzen da informaziozko komunio, jaunartze edo ostiakunde teknomistiko horretan. Delako sare hori arina da oso katearen aldean, ezin ikusizkoa gainera, eta askatasunaren irudipena ere ezeztatzen ez duena gehienetan: hargatik da urratzen nekezagoa. (Bidenabar: katetik teknosarerako bidea urte hauetantxe egin dute lau hankako zakurrek; belarri-mamian jositako txip batek lotzen du orain, zakurra, lehen kateak baino estuago).
Indarrean dugu gaur sarea, baina, izatez, armiarma bezain zaharra da; beti katiatu izan da eulia armiarma-sarean. Gizonak nola beretu eta barneratu zuen gero sarea..., besterik da hori, baina aspaldi (orain 75 urte) emana dago esplikazio poetiko xoragarri bat, Azkoitiko Urkiolegiren ahoz. Hala zion, orduko nagusi-jendeaz ari zela: «armiarmaren mendian daude / gizon batzuen buruak, / orregatikan gertatzen dira/ ikusten diran moduak»

