1994-05-08
idatzi mota: Iritzi zutabea
Top quark
EZ zen txoxperriko kontua; idatzia zegoen Dotrinan: quark-ak sei, leptoiak sei, Materiaren osagaiak hamabi: ez dok hamahiru! Duela 25 mende atomoa asmatu zutenetik hona, Zientzia abstraktuago egin da eta Materiaren puxkakiak ñimiñoago, eta ñimiñoenen artean quark-ak, orain 30 urte asmatuak. Bai: zientzikiak lehenbizi asmatu eta bataiatu egiten dira, eta gero aurkitu, eta, halatan, urteetan bila ibili ondoren, joan den astean harrapatu dute Txikagon quark-etan azkena, Top edo Gain deitua, Bottom izeneko bostgarren quark-aren ezkonlaguna, binaka bizi baitira hauek ere, gizaquark-en antz eta agindura.
Zer egin dute, ikusi? Ez, ez: Fedea ikusi gabe sinestea da. Sortu egin dute edo, zuzenago esan, berpiztu: quark-ak, bi ez beste guztiak, Un bertsoaren hastapeneko beroaldian jaio eta berehalaxe itzali ziren, harik-eta, milaka miloi urtez ezerezean igeri ibili ondbren, azken urte hauetako partikula-azeleragailuetan berriro munduratu dituzten arte. Bai ixtorio-mixterio polita, e? Oraintxe zeharo sinetsia nago hilotz torturatu baten aurrean Bame ministroek ematen dituzten esplikazio-moduak Zientziaren apostoluei ikasiak direla. Esplikazio horien funtsa Xenpelarrek kantatu zuen aspaldi: «txantxangorri batenak sei libra tripaki».
Eskubide osoz sartu da Top quark-a gizaideien irudipenez mamitutako Errealitate ho- netara, sasoi batean, eguna orrazten pasatzen zuen Murumendiko Dameak eta Ezkion agertu zen Amabirjinak zituzten eskubide berberekin.
Esaera den bezala, ttikia alua izaten da, eta Zientziaren apez-exekutiboak ere aspertuko dira ttikiaren ttikiz, Erdi-Aroan orratz-mutur batean zenbat aingeru egon zitezkeen kontatzen aspertu ziren bezala.
Erruki haut, Top-Gain! Laster haiz atzera ezerezaren loan etzana.

