1996-02-24
idatzi mota: Iritzi artikulua
Zoriona, lotsa
Izan gabe eman dezakegun gauza bakharra da zoriona», idatzi zuen P. Lafittek bere Gramatikan. Aspaldi hartan bihotza beratzen zidan arrazoi horrek, gogoan dut: zoriona, daitekeen gauzarik preziatuena, eta huraxe izan errazena eta huraxe zailena. «Zer ote da gure biziaren eza? Aaai ene!» idatziko nuen neure haizezko gramatikan.
Oraintxe jakin dut esaldi hura nere moduko gizajoen engainagarritzat asmatu zela. Entzun bestela, Damaso Intzakoak Imotzen jaso zuen ale hau: «Ez duenak duenari zer ematen dio? —Lotsa.» Aparteko grazia egin dit eta, nahiz ez digun beharbada bihotzik beratuko, berotuko edo beretuko, beste hari bateko alaitasun ezti bat uzten du. Ez da gutxi.
Zoriona eta lotsa ez dabiltza elkarrengandik usté bezain apartean. Ba omen da bere zoriona lotsaz ukatzen duenik. Izango da. Askoz ugariagoak dira ordea, beren zorionaz besteren zori apurra urratu eta, ordainetan, lotsa besterik ematen ez dutenak, tristura eta nazka ezezik. Gogora ekartzea asko da (adibide bat behar eta) irrati musikaletako pop esatari txoropito eta top aurkezle gazte txolin betipoz antojagarriak.
Zorionaren etsai gogorrena jende zoriontsua da.

