logoa

1993-10-24

idatzi mota: Iritzi zutabea

25 urte

HAINBESTETXE egin omen ditu aurten Euskara Batuak. Harriak aspertzerainoko parrastada amaigabeen artetik bakarra jo dut begiz, euskararen burukide Sarasolak esana: alegia, bere aurrendari Mitxelenak orduko gazteak aintzatago zituela zahar-jendea baino, zergatik eta serioago zirelako. Nere artean: ‘gazte serioak’, bai gauza hitsa!, gazte otxan diziplinatuak, arrastoan orduz lehen sartuak, denak elkar harturik Aberria goititzen. Nazioa eraikitzen.

'Porrotari hurbil zenkizkioketen’ eta gisako dotorexiak esaten ikasi zutenen gaitzeuskalki sintetiko-zibilizatua; ez dakitenei erakusteko eta dakitenei ahantzarazteko asmatu zuten ‘euskara erraza’; dena ‘gailu-z’ jositako apo-hizkuntza hastiagarria (hala esaten zidan oraintsu nere herriko neskatxa maite batek); Antropol-ogia ahoskatzen dutenen okin-euskara; beste batzuen heuskara hyper-jakintia; bestela esanik, eta behin Perurenak egoki salatu zuen bezala, hizkuntza larrekoa noranahikotu ez baina nolanahikotua: horra gazte otxandu haien uzta bikain-aurkiena.

25 urtetan gazte sasoiko behar lukeenak, sortu zuten gurasoen gaitz berbera dakar bere baitan, harrapatzen duen guztia gazte-zaharturik uzten duen birus gaiztoa: oro hexur eta axal, batua ez-ezik txoil bakandua, geldotua, antzutua eta elkortua. Hurbil da den-dena (‘ahozkoa’ barne!) batu, bateratu eta batera-bildu arteko onik ez duten teknikoñoen garaipena; desarrazoi biolojikoena edo endekatze entropikoarena, nahiago baduzue.

Badakit munduko batuki guztien gaitzak direla horiek, eta badakit Euskaltzaindiaren organigrama buruz dakien axkarren batek ganbaratik eskizofrenikotzen hasia ote nagoen pentsatuko duela. Halakoari Mitxelenak behin eskolan esan ziguna jarriko diot begien aurrean: «Gu jende gara filologo baino lehen». Ez zait sekula ahaztuko.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera