logoa

1995-02-26

idatzi mota: Iritzi zutabea

Akaatzen ez den sugea

Hau da, kulebroia: etxekoandreen bazka izana oraintxe arte; lasaitzeko edo lokartzeko pilulen osagarri, deus gertatzen ez den etxezokoen betegarri.

Pantalletan, bazkalondoa joan eta bazkalondoa etorri, Venezuelako aberaskillo eta haundi-jendea, bapo bizi beste lanik ez zuena; bizi behar bai, baina infemu gorrian: zenbat konpondu-ezin, engainatze eta desengainatze, maite-min eta maite-oinaze; zenbat adarjartze gaizto, buztan-kolpe ezlekuko eta aitatasun dudazko... Jende zoriontsu ustekoa ere akabatzen ez den sokak estutua; bakarren batzuei, nonbait, zer eginik ezak berak ematen die lanik eta zereginik asko. Eta hauxe zen kulebroiaren eskola: gu lanak (edo lanik ezak) izorratuko gaitu, baina lanetik libre dagoen ondo-bizia amodioak (edo amodiorik ezak) penatzen du eta atergabeko ezinbizian erretzen. Baina akabatu zen guretzat suge pozoidun hori, akaatu dugu. Etxekoandreentzako kontsolamendu ergel horiekin ez gaituzte txoratzen. Orain, miloi-erdi bat euskaldun birtualek, afalondoa joan eta afalondoa etorri, bere burua ikusten omen du pantallan, bertako mundua bertako hizkuntzan, den bezalakoxea, oso-osoa, gaurkotasun eta askatasun osoz; pantallari begi biak josi eta Errealitatea agertzen zaie bertan.

Gurean ere, suge akabaezin horixe lekuko, herria TBaren jabe egin da, eta TBa errealitatearen mendean errenditu da; horretarako, jakina, erdi-lanak eginak zeuden: urteak dira TBa herriaren jabe egina dela eta errealitatea TBaren mendean errenditua (umeek ere badakite gaur TBan agertu gabe ez dagoela esistitzerik). Horiek denak bat dira orain, elkarren jabe eta mendeko, lehen baino batago eta beteago. Hargatik heltzen digu gure suge horrek errezago, gure aspermenaren estalgarri, etxe- barne hilen pizgarri. Lanak izango dira suge gorri hori akaatzen.

< atzera