1996-02-10
idatzi mota: Iritzi artikulua
'Bildursartue'
Esazu berba hori kolpe batean. Eta? Ahoa betetzen dizu bere misterio itsuak, baina hortik aurreragokorik ez. Berez behar Gorbeiapekoa, eta zu ez izan. Munduan den hitzik bortitzena sarrakioa zelakoan zeunden. Kottaue! Neuk ere hala uste nuen, harik-eta J.M. Etxebarria zeberioztarrak begiak argitu dizkidan arte.
Jo dezagun parte txarreko etsai baten bistan hitzik egin ezinda (berbaltuegaz) zatozela etxera herio batean: zure barnean ostatatu dena bildursartue da. Istripu baten ondorenean bildursartu eginda ibiliko zara puskatean. Aita elkor batenganako bildursartuegaz bizi guzia paseak ere ba omen dira makina bat amaren ume. Haurrak eskarmentuan sartzeko ere ez omen da bildursartue lakorik. Zeruak ez du habe beharrik, baina infernu honek bai, eta habe horietako bat da bildursartue, gure barrengo laiotzetan aise laketzen den errekalaino astun bat iduri.
Bildursartue ez da (nekez izan zitekeen) literato, itzultzaile, kritiko edo semiotiko baten ipurtzulotikako idiotismoa. Bildursartue serioa da eta sasikoa, Gorbeiapeko sasian sortua, eta hizkuntzan, zenbat-eta sasikoago den gauza bat, orduan-eta jatorrago eta ederrago izaten da. Politikan eta amodioan bezalaxe.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Etiketak · Hitz gakoak:

