logoa

1991-11-28

idatzi mota: Hemeroteka

Astoaren gainean astoa, alajaina!

Gipuzkoako Eusko Egunkarian, probintzia horretako esku-paper ofizialean, irakurtzeko grazia izan dut astoaren gaineko artikulu hunkigarri bat, R. Iraola Garmendia jaunak sinatua, non animalitxo polit baina laidoztatu horrek Mundu Garatuaren parte honetan daraman atarramendu tristearen berri ematen baita, oso bidez eta egoki, halere.

Asto-gainean ez, baina astoaren gainean ez ezik, asto hitzaren gainean ere ematen du argitasunik franko artikulugile askojakinak, euskaldun inozo guztiak txunditzeko eta desengainatzeko adinako argitasuna eman ere: egiak auiretik behar baitu, eta gizon (etiko) baikara euskaldun baino lehen (nahiz-eta azken hau gezur nabarmena den, euskaldunberri ez direnen kasuan bederen).

Latina dakien astoa baino argiago den gure artikulugileak hauxe erakutsi usté izan dio munduari: euskaldunak astoari eman dioten izena latinezkoa déla, latinetik datorrena, asinus-tik (eta asnotik!!) aterea, zein baita, Lapesa eta Rohlfs-ek besterik usté bazuten ere, ezin litekeen gauza, Ordiziako Astakalean edo orain autotegi bihurtutako Azpeitiko Astotegian egondako inongo lau-hankako astok ere irentsiko ez lukeen belarra, probintziako paper ofizialean agertuagatik ere.

Azkuek antzeman zion, eta Mitxelenak ere bai, astoren iturburua (h)artz-to zela, hartz-en ttipigarria behar (cf. arsto Oihenartengan eta bestetan).

Asto-gainean eta astoaren gainean ez du balio astamaisuaren eta astapistolaren axkarkeriak.

Bizi bitez astoak, eta bizi bitez astojakinen arrantzarik entzun gabe.

< atzera