logoa

1999-03-11

idatzi mota: Iritzi artikulua

Bada ordua gaitzesten hasteko

Gaur egunean, eta badira urte batzuk, Dezakeenak zenbait gauza gaitzestea eskatzen du. Dezakeenak ez dezakeenari ezin omen litezkeenak gaitzestea dio galdegiten: ekintzak eta azioak lehen; axioak, okerrak, bihurrikeriak orain. Eta hemen, zeharoko motza eta kamutsa ez denak beti hartu izan dio halako kirats-aire bat, halako tranpa-usain bat delako gaitzetsi behar horri. Zer da, izan ere, gaitzestea edo kondenatzea?; ze tranpa-jenero ezkutatzen du bere baitan?

Tontoenak ere antzematen dio esate hutsal bat, deklarazio moduko bat dela gora-behera guztia, Dezakeenaren aurrean antzeztu beharreko ritual bat, zintzotasun agiria eskuratzeko betebehar bat. «Esazu eta sendatuko zara». Ea asmatzen dudan «teknikoki» esplikatzen. Beste behin egin nuen bezala, J.L. Austin-ek How to do things with words liburu ezagunean ateratzen zituen «esakune performatibo» izenekoak hartuko ditut heldulekutzat. Austin-ek «performative» izendatzen dituen esakuneak dira esate hutsaz kanpora inolazko egiterik adierazten ez dutenak, esatea bera baita egite guztia, eta egite bakarra, berriz, esate hutsa; esan beharrekoa esatea (hobeki esanda, aipatzea, eta eskuarki, ritual baten arabera aipatzea) da eginkizun guztia, egin beharreko guztia esate hutsa da; ez dute, beraz, zehazki hitzeginez, deus esan nahi, ez dute esan-egin horretaz kanporako adierazkizun referentzial edo kognitiborik (eta barka ahokada itsusi hauek!), esatea egitea bera delakotz, esate hori bere baitan hasi eta bukatzen delakotz. Adibideak: bai, nahi dut (ezkontzako funtzioan esana); zin egiten dut; maite zaitut (esan ohi den kasuen artetik %98an, gutxigorabehera); barkatzen dizut (ez ez zion barkatu edo bizia barkatu zioten bezalakoen kasuan, baizik-eta barkatu-ren erabilera absolutu eta ritualetan, «egunerokoetan» edo «etxe-barrukoetan», nolazpait esateko)... Horiek oro, eta beste ziento bat, esakune performatiboak dira, agerian edo ezkutuan; ez dute, lojikaren aldetik, deus ikustekorik egiarekin edo gezurrarekin, baizik-eta, izatekotan ere, hartarakotasun eta egokitasunezko baldintza jakin batzuekin.

Esandakoaren arabera, uste dut egunaren argia baino argiago dagoela gaur, hemen, «bortizkeria gaitzesten dut» esakunea esakune performatiboa dela, inon halakorik baldin bada, berez ezer esan nahi ez duen egite (antzezte) modu bat eta ez besterik. Baina utz dezagun pixkatean alde batera interpretazio performatiboa. Jo dezagun ez dela hala; egin dezagun kontu zerbait esan nahi duela: batek benetan bortizkeria oro ezin gehiagoraino gaitzesten duela (ez-performatiboki) eta ahuspez lurrean jarririk, negar batean eta soinean dituen jantzi guztiak urratzen dituelarik, bihotzaren barrengo mamitik egiten duela oihu: «madarikatzen dut bortizkeria!» edo «nazka izugarria ematen dit!» edo «lehenago neu hil eltxo bakar bat akabatu baino!». Eta ez luke balioko; halakoak farregarri gelditu besterik ez luke egingo, Estatuaren eta haren fedabideen ritual demokratikoak galdegiten duen gaitzetsi / kondenatu-ren erabilera egokia (berez metalinguistikoa baizik ez den aipamena) egingo ez balu. (Amodio serioan bezalatsu, non ez duten balio sentimenduei buruzko esplikazio nolabaitekoek; baina xuk maite nauxu ala ez?: horrelaxe bukatzen da beti maitemindu ustekoen errosarioa. «Esazu hitz hori eta sendatuko naiz».) Ez dago interpretazio performatiboari ihes egiteko modurik.

Tranpa ikaragarria du, beraz, gaitzeste kontu horrek. Baina ba al da tranparik gabeko gaitzesterik, gaitzirizterik, txartzat-jotzerik, higuintzerik? Ba al da esate hutsaz kanpora egite-moduren bat adierazten duen gaitzeste ez-performatiborik? Gizonen gauzak hain dira, izan ere, badaezpadakoak eta nolabaitekoak! Jo dezagun emeetara; haruntzago oraindik, jo dezagun animalietara, edo, biak batean, jo dezagun animalia emeetara. Nola litekeen hori? Galdegiozue artzain zahar bati, eta hark esplikatuko dizue ederki asko zer den gaitzestea, zer den «arkume gaitzetsia» edo «arkume gaitzetsa»; hark esango dizue hori dela amak umea egin eta ez maitatzea, arbuiatzea, titia ukatzea, bazterrera uztea, deus ez opa izatea, batere inporta ez izatea gal dadin sasian edo jan dezan otsoak. Horixe da, gure begietan, zinezko gaitzeste garbi baten ispilua, garbia eta, hizketan ez dakienari dagokion bezala, ez-performatiboa, jakina. (Egia da emakumeetan, hiztunetan ere gertatzen dela gaitzeste klase hau, baina ama gaitzesle batek ez luke sekula esango «nik neure ume hau gaitzesten dut»; gaitzetsi egingo du haurra eta kito, deus esateko gogo handirik gabe gainera. Zinezko egiteak ez du gehienean esanaren beharrik; etsai ere izan lezake, maiz aski.)

Eta gure munduko bortizkeriari gagozkiola, zer izango litzateke, orduan, hura, amak umea bezala, egiazki eta tranparik gabe gaitzestea? Zer litzateke kale-borroka, eta plaza-borroka, eta etxe-borroka, eta auto-borroka (geure buruarekikoa eta autoekikoa), eta bizi gaituen bizimodu honen terrorismo guztia, eta munduko bortizkeria eta ergelkeria (nork bereiz ditzake?) guzti-guztia gaitzestea? Gauza zoragarria litzateke benetan hori dena gaitzestea, ama arduragabe edo bihozgabe batek bezala hazkurria eta mantenua ukatzea, galaraztea, ezerezera ekartzea: amets xuri baten pare litzateke, paradisura bihurtzea adinakoa, edo hortxe nonbait. Baina, bien bitartean, «nik bortizkeria gaitzesten dut» esatea (eta ez, Estatuak eskatzen duen gisan, performatiboki eta ritualki) bietako bat litzateke: edo bat Super(wo)man dela uste izate eroa, edo, bestela, adar-jotze txoroa, den bezain beltza eta itsusia ez balitz.

Bada ordua bortizkeria gaitzesten hasteko. Beti da ordua eta beti izan da ordua, mundua mundu hau denetik. Baina benetan eta «naturalki». Ardiak bere umea bezala.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera