1993-10-09
idatzi mota: Iritzi zutabea
Begira gelditu
ZU bazoaz kalean eta ama bat ikusten duzu bere haurra jotzen. Bietakobat: amari eraso ala ez-ikusiarena eginen duzu. Lehenbiziko hori gaitz da eta, beraz, ez zara begira gelditzen ere ausartuko. Hori kanpoan: etxe-zuloan zer gerta daitekeen ez duzu jakin nahi ere. Ur horretan paseak garela eta ea ba zer egingo diogun: itsutzen zara, lausotzen zara, ahanzten duzu.
Orain jar ezazu Estatua familiaren lekuan eta agian sekula ulertu ez duzuna ulertzen hasiko zara. Estatukumeek ez diote sekula Estatuari erasoko eta gelditzen zaien aukera bakarra itsutzea da, ahanztea: ezin begira gelditu ere. Hori kanpoan: Estatuaren gela-zulo eta barnetegietan zer gerta daitekeen ez jakinda hobe. Beharbada usteko duzu gaiztoak direla, basakristauak, gizapiztiak; bestela ea ba nola litekeen. Eta ez da hori: fedea itsua da eta itsugarria, eta zenbat-eta fededunago eta eskalafoian gorago, orduan-eta itsuago, lausoago, ergelago, orduan-eta pailazoago eta txotxongiloago: politikoño, juez, kazetari eta intelektualek, gehiengo demokratikoa osatzen duten gizabanako ergeldu guztiek bezalaxe, aspaldi saldu zioten arima Estatuari eta ez dira beren itzalaren jabe ere.
Beharbada usteko duzu harako hura putakumea dela eta dimiti dezala, beste hauek hiltzaile edo laguntzaile direla, eta demokraziaz errezelatua ere bazaude. Eta ez da hori: demokrazia baino fede itsugarriagorik ez da egundo asmatu, eta Estatuaren barnetegi beltzetako ikastaro trinko zahurtuak ez dira horren errez bukatuko, ez behintzat Estatua estatu den bitartean, eta berdintsu dio estatu hau edo hura, honelakoa edo halakoa izan; beharbada abertzale zintzoa zara zu eta horrexegatik nabarmendu nahi dizut azken esan hori, etsi-etsian egon zaitezen. Ezin gara begira gelditu, baina, beste aldetik, ezin gaitezke begira gelditu, ikusmira soilean.

