1994-08-14
idatzi mota: Iritzi zutabea
Borroka ere bai
Hamaika aldiz entzuna: badoa goizaldera Errezilgo baserri bateko mutila festatik etxera, eta jakineko galdera aita zaharrak: «nahiko borroka egin al dezue bidanitarrekin?»; semeak lotsaturik: «ez ba, ez dugu batere egin»; aitak haserre gorrian: «kakazarra esaten ziet nik holako festei!».
Borrokan ahaztu egin zaigu eta bakean erreditzen ikasi. Gure ezinak eta muzinak barrengo laiotzera sakatzen ditugu orain eta noizbait azaleratzen gaitz psikosomatikoen itxuran.
Heldu-ta-eratxi: ez zen Errezil batean beste politikarik, nik aditzea dudanez. Orain ere bada ‘borroka’ izenekorik herrietako festetan, badakit, baina ordukoak zainak barnago zituen, eta esango dizuet zergatik.
Bularreko haurrek ere dakitena da nola etorri ziren aspaldi hartan erromatarrak Erniopeko lurrak irabazteko amorru bizian eta mundu zabalean sekulako eder-fama zuten Errezilgo nesken jabe egiteko irrikaz. Ez zuten haiekin larrurik goxatzen lanik izan. Zelatuen behera izan ziren sarraskituak. Erruzko jende-saldoa izan behar zuen harkaitz-arteetan hilotz gelditua, eta ordutik dator gure etimologia poetikoa eta tradizio politikoa uztartzen dituen esaera: «Errezil, nekez bizi eta errez hil», Bidenabar: ez dugu guk sekula Lartaun buruxkilaren entzuerarik izan; noizbaiteko abertzale orereteroren batzuek asmatua izan behar du, inondik ere.
Zein den kontu hauen guztien ‘madria’? Oso erraza: oraintsu arte iraun duen etengabeko heldu-ta-eratxi behar hori ez zen gure aurrekoak Erromako militar txuloputa haiek porrokatu zituztenekoaren biziberritzea baizik. Eta datorrela orain intelektual mito-desegile zakil-erori gixaixo horietakoren bat hemengo esanak Historiaren luze-laburrean neurtzera: bihurtuko dizkiogu hezurrak mami, berari eta Historia guztiari.

