1996-03-06
idatzi mota: Iritzi artikulua
Botakunde
Hamar bat urte izango dira honuzkero nik aurrenekoz eta azkenekoz boto bat bota nuela. Botoa ote zen ere ez dakit seguru. Galdera bat egiten zuten, eta hari baietz edo ezetz esan behar; zer galdetzen zuten jakin gabe ere, ez-ak irabaztea komeni noski, eta han joan naiz. Gauza bat dut gogoan: gaizki sentitu nintzela, eta parregarri samar, neure burua beheratzen ari banintz bezala.
Ez dakit, beraz, ni bezalako bat gauza izan ote litekeen joan diren botakundeen aurreko kanpañari buruz deus esateko, egunkari honek eskatu didan bezala. Urrundik ikusten dut mundu hori, gero-eta urrunago, eta gainera ez dut ulertzen: esaten lotsatu egiten naiz, baina lehen-lehenago, orain baino idiotagoa nintzenean, ulertu egiten nuen, egia, baina aspaldi egin nion uko Informazioaren Teorian «zarata» deitzen dena besterik ez den mundu hori ulertzeari. Aspaldi gortuak daude nere belarriak zarata horrentzako.
Eta, halaz guztiz, delako mundu horretaraino irristatu gabe ere, zerbait esan nezakeelakoan nago, hemen nere pare samarrean sumatu uste izan dudan gauza batez, eta da ez dudala inorekin ere disputarik izan botoa botatzeaz edo bota beharraz, eta ez zaidala boto-fededun bat bera ere petraldu edo zapuztu Poliziaren Ministerioak antolatutako botakundeetan eskuak ez zikintzeagatik, esanez, kasik oraintsu arte entzun behar izaten nuen bezala, neure buruari edo neure Herriari harrika ari naizela, edo (kakagurarik haundiena ematen zidana) botorik botatzen ez duenak ez duela gero txintik ateratzeko eskubiderik. Zer gertatu da? Fedea hozten ari da bazterretan, ala galdutzat joa nago ni zeharo? Bietatik izan liteke.
Gainerakoan zer? Ba, diodan mundu horretara esnatu nintzenetik hona, beti (urtetik urtera nabarmenago) ikusi dudana eta gero-eta nekezago ezkuta dezaketena; hots: Partidu Bakarra aurkezten dela botakundeetara, edo aurrerapena, normalizazioa, lana, garapena, bakea eta ongizatearen partidua. (Bai, gero Hemengo kontua dago, badakit: mapa estatudunak nola egin, mugak non landatu, nortasun, eskubide eta komeri: uf! uf! gehitxo neretzako!).
Eta iristen da botalekura joateko eguna, eta.... zer gertatzen da hor? Badator zure borondatea erakusteko ordua, zure etsipen idatzia entregatzekoa... eta? Ezin esan nezake deus nik hor, bistan da, behin batean ez gainean idatzirik zeukan paper-mutur bat entregatu izana ez baita ez borondate, ez etsitze (etsitzea, euskaraz bederen, beti da zerbaiti edo norbaiti baietz esatea), eta ez inorekin edo ezerekin ezkontzea (ez dago hor edozein ezkontzak premiazko dituen deklarazio eta federik: jakina dago gaur ezkondu, benetan ezkondu, Elizan edo Epaitegian ez baina Haziendako Deklarazioan eta Aurrezki Kutxan bik sinatzen duten kredituan egiten dela bat). Eta ez dakienak galdetu egin behar ba, eta halaxe galdetu nion joan den igandean P. adiskideari ea zer sentitzen (sic) den botoa botatzerakoan (P.-ren erantzunak bere buruaz gainera zenbat buru ordezka ditzakeen ez dut nik esango, baina badut irudipena buru mordoska handi samarra izan daitekeela). Hona ze kontu esan zizkidan: hasteko, sentimendu bat oso beregisakoa dela botoa botatzerakoan izaten dena, baina beti bera; gauza polita dela, alde batera, zu Han zaudela ikustea, eta pentsatzea zerbait bazarela eta badezakezula, baduzula balio bat; bete egiten duela, alegia, zeure borondatea hustutzeak; zu zeu zarela, bai, baina baita beste botodun guztiak bezalakoxea ere, zenbaki soil bat azken finean... eta hemen tristetu, katiatu eta ixildu zen P.-ren esplikazioa, eta zerbaitegatik izango da.
Baina esplikazioekin ala gabe, eta —ni beldur— kanpañarekin ala gabe, jende jatorra jator portatu ohi da, eta jator-jende guztia, salbuespenik batere gabe, Poliziaren Ministerioaren altzo informatizatuan etzaten da botakundeen ordua datorrenean. Jende jatorrak badaki zer nahi duen, ulertu behar dena ulertzen du eta ulertu behar ez dena ez, eta Aitaren Putetxea defenditzen du gogotik. Jator portatzen ez dena jende sasikoa da: aita(goi) edo ama(goi)rik ezagutzen edo aintzat hartzen ez duen jendea, muturren aurrean daukana besterik ikusten ez duen jendaila itsu egosgogorra. (Sasikoa edo sasikumearen euskarazko beste izen bat herrikumea da: hau poza!) Jende sasikoak ez du botorik botatzen, ez kanpañarik segitzen: horretan senide ditu hiritar zabarrak, anarkista zaharrak, des-kraziaren zale gazteak, ero garbiak, moja kontenplatiba gogorrak, atzerritar deklaratuak, 18 urtez azpikoak (lurraren gatza) eta desengainatuak edo beren bururik engainatzen ez dutenak (ezta zerbait badirela eta badezaketela ergelki uste izatearen truke ere).
Sasiak begiak badituela esan ohi da, eta ez da gezurra izango, zeren sasitik eta sasi-artetik ikusten baita beste inondik baino hobeki gorago esan dugun Bakarraren puntuarekin zuzenean lotua dirudien beste alderdi bat, hots, Emaitza Onarena: denak gustura, denak irabazle, inork galtzen ez, denak alaitasun ikasi batez gantzututako aurpegi berbera salgai. Kanpaña ororen funtsa da «irabaziko dugu» esatea eta sinestaraztea; botakunde ondorenean berriz, «irabazi dugu» da sinestarazi beharrekoa. Botalarria ematen zidan lehen-lehenago; orain ezta horixe ere. (Irabazi, zinez, batek irabazten du, batek gogatzen, xarmatzen, ilusitzen eta engainatzen du hobekienik gehiengoaren bihotz demokratikoa, eta botakundeak baino puskaz lehenagotik gauza jakina izaten da zein izango den; gehiengoa ongi erakutsia egoten da, eta ez du sekula hutsegiten. Zergatik irabazten du irabazten duenak? Ba, neskarik gehienak txuloputa buztanaundien, eta mutilik gehienak egutegi zatarretako neska-puska tititsuen atzetik galtzen diren arrazoi berberen edo antzekoengatik: horixe delako gehiengoaren legea).
Baina kanpañaz idazteko ordena neukan nik, joan diren asteetako kanpaña horretaz eta ez bestetaz, hor izan diren nobedade, gorabehera eta komeriez (beti izaten dira, ze erremedio!). Ederki; ea, akaberan bederik, asmatzen dudan. Eta? Zer datorkit burura? Barkatu, baina... elurra da aurrena datorkidana; elur mardul baten azpian Izarraitz gaineko eta barreneko bazterrak; eguteretan agudo lurmentzen, Samiñoko laiotzean luzeago irauten zuriak... Kanpaña-denboran hori dena, baina bai, badakit, ez du balio, ez da hori kanpañaren denboran gertatzen, kanpañapekoan beharbada bai, baina elurrak bere denbora du, bere politika, bestelakoa, ezin harrapatuzkoa. Ea ba, hoberik gogoratzen zaidan, pulamentu gehixeagoko zerbait; esan dezadan, adibidez, zein izan den neretzat kanpañako ekitaldi printzipala. Botakundeetan egin beharreko lana, funtsean, segundu bateko kontua da; erabaki eta zozt!, etsi-etsian hauxe eta pake-santua, zirt edo zarteko lan idor etsi bat. Ba, diodan ekitaldi hori alderantzirako izan zen osotara, eta denbora jakinik gabea; ordu deseginetan (beti zen berandu, beti zen goiz) ezin gehiagoraino luzatzen zen solas azkengabe bat, oso aldi bakanetan azaleratzen diren gai sakratu beldurgarrienen gainean (heriotzaren begiak, bakardadearen atzaparrak...) bi amaren umek sekula hitzegin ez duten bezain erraz eta gozo, tristura heze batean zintzilikatuak... eta zertarako, eta inora ez heltzeko, ezertan ez bukatzeko, ez zirtik eta ez zartik, behar duen bezala, bere baitan zelakotz jardun hura aski eta gehiegi. Horixe izan da nere (gure) kontrakanpañako ekitaldi gogoangarriena: hitzaren ezin etsia, botakundeetako etsi-beharraren kontra; poetikoegia eta pribatuegia agian, ez oso politikoa jende jatorregiarentzat. Sasi honen gainetik (ez oso gainetik); kanpaña guztien azpitik (oso-oso azpitik).

