1991-06-09
idatzi mota: Zuzendariari
Erdararik behar bada betor erregea
(J.L. Otamendiri) Azpeitiarra euskararekin beldur? Larria duk hori gero! Suak, lotsak, eta etsimenduak harrotu dituk agerian. Jaunak: gizon argi eta sentibera baten patxada, umorea eta bihotza hautsi dira Azpeitian paper leherkor batekin burututako atentatu okaztagarri batean: ea egileak eta eragileak (izengabeak, abstraktuak, idealak) harrapatzen ditugun.
Begira: programa, plan, aurrikuspen eta abarrak dituk Etorkizunaren aurrendariak, hots, asmatzaileak, kontuak zertan diren eta diratekeen erabakitzen eta agintzen dutenak, deus gerta ez dadin aginduaz, jakinaz eta programatuaz besterik. Heriotzaren egonlekua duk Etorkizuna, honen eta haren heriotzarena, eta baita euskararen heriotzarena ere, jakina. Erdara duk, bestela esan, Etorkizunak (eta, beraz, behar bezalako lan eta programa oso, bete, aurreratu eta eguneratuek) dakiten hizkuntza: kontua ez duk Etorkizunak ez duela euskararik mintzatuko, baizik-eta ez dela jadanik euskaraz mintzatzen, zeren Etorkizunak orainaldian hitzegiten baitik, hemen baitzegok, ongi gure artean, baitan eta bertan, beldur eta mehatxuzko jantzian eskuarki. Hori dena jakin erazi zaiek eta bazekitek, beren ezjakinean, gure herrietako exekutibotxo eta politikoñoek, zein ere euskaldun (izan) diren: tekno-erlijioa, garai batean zenbaitentzat erlijio zaharreko Jainkoa bezala, lehenago duk euskara baino. Gure tren autobustuaren herioaurrean aipatu ziaten —komeni duk gogoratzea— nola atzerakoi sentimentalek nahi omen zuten eduki gure bailara gordea, berdea, polita eta oso euskalduna: bai, azken hau ere itzuri zitzaion norbaiti.
Bada nik ere, haien erara jarriaz, badiat nire plantxoa. Jakin erazi behar zaiek erdararik behar bada hobe dela hautatzea haietan errege dena, Etorkizunaren hizkuntza etorkizundun nagusia, erdipurdi gelditu gabe: erraz jabetuko dituk honetaz. Gainera, gure intelektual jainkotuek besterik uste badute ere, euskaltzaleak ezin dik auzo-erdararik onetsi eta maitatu; nahiago dik, aukeran, urrutikoa, Azpeitiko zezen-plazako adardunak toreroa baino giza-torturatzailea maiteago duen bezala.
Tristea duk, baina guk ere lasaiago hartuko genikek gurea garbitzekotan dena baino, irlandesen eta siouxen mintzoa mututu dituena. Beraz, norbaitetik hasi behar denez, honatx lehenbiziko lana: jar bedi bertatik herriko leku ageriko guztietan, eskolak ahaztu gabe noski, honako kopla hau modu distiratsu eta ikusgarrian idatzia eta inprimatua:
Haurrak ikasazue euskaraz mintzatzen, halaber luck off ta no future esaten.

