1995-12-30
idatzi mota: Iritzi artikulua
«Ez nago»
Bada ordua axalkeria politikoidea bazter utzi eta Sistemaren bihotzari kolpe egiteko. Galdera da: nondik norakoa da bihar gauerdian Kristandade osoa joko duen kabitu-ezin ritual hori? Zer da, urtebete gehiago ala gutxiago? Ez baitago batere garbi zer egiten duen denboraren jarioak: edo joan, edo etorri, edo biak batera ala biak aldizka. Iheskorra omen den hori ez da ba, luze-laburrean neurt daitekeenez geroz, egonean egongo? Baina orduan Urte Berri izeneko hori zer da: beste urte bat ala lehengoa bera haizeberriturik? Eta «hamabiak puntuan» diotenean, ze puntu da hori: 24:00 ala 00:00? Ez baita inondik ere gauza bera. Baina gauerdia horrela erdibitu ezkero, noiz egingo luke ahuntzak eztula? Eta biak bat badira, non egiten da urte zahar-berrien joskura edo partizioa?, denbora ezpalkatuaren zein txotx infinitesimaletan?
Ume-galderak dirudite, baina pediatrek ez dakite erantzuten. Denik umeenak ere igertzen dio ordea, bihar gaueko espantu, burrundara eta destitxak ospakizunaren beraren ezereza eta ezina ixildu beharrak sortuak direla. Horrelakoetan onena, haurrek egiten dakitena: bi begiak esku banarekin itsutu eta... «ez nago!». Ez egoten asmatzea da biharko politika.

