1996-06-01
idatzi mota: Idatzia
Eraman, irentsi
Beste hamaika alukeriaren artean, Moralak, Historiak, Gizonak (nola kristo deitzen da etsaia?) sufrimendua edertu dute eta ohoratu. Begira bestela: ama batek (denak dira bat eta bera) zenbat sufritzen duen; nik (denok gara, eta ez gara, bat eta bera) zenbat sufritzen dudan gaixo honek, arrastaka beti, gozogabe, ezinka; emakumeak, gizonaren aldean, omen duen eramana, nornahi sufritzeko eta zer-nahi irensteko erraztasuna (gaixoak mila bider!); ezdakitnongo indiokumeen sufritzeko ahalmen santua, hemen hauetatik joandako kristaukume internazionalistak inbiritan urtzeko modukoa... Edo begira, bestela, zein aise ezagutzen diren hildako on dudazkoa («nahi baino hobeki bizitako putakume suertoso nazkagarria: etzian hiltzeko lotsarik»), eta hildako on ezin hobea («asko ikusita, gorriak, beltzak eta fuksiak ikusita joan da»),
Baina Moralaren ispilu zintzoena kirola da gaur, eta kirolak ez du oraintxe sufritzen ikastea beste eskolarik: sufritzea da esan nahi luketena, baina pixka bat zuritze aldera, sufritzen ikastea esan behar. «La hostia he sufrido», entzuten nion oraintsu pilotari lehertu bati. Eta horrexegatik da laostia; laostia sufritu izanak egiten du bat laostia, izan dadin pilotari, gudari ala maitari.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=06&e=01&bilatu=alea
Etiketak · Hitz gakoak:

