1995-11-18
idatzi mota: Iritzi artikulua
Hamaikak batean
Eta hondoa ikusten nuen, argi-argi, Kontxako hondarrera begira nengoen eta denbora pasatzen zen. Hau da dena, denbora pasatzea» (egunkaria, Azaroak 5). Ez da fllosoforik ez teologorik, Borxa A.-k bere azken hegaldiaren ondoren ikusi zuena ikusi duenik. Hamaika ikusteko jaio ginen, baina ez hamaikak kolpe bakar batean ikusteko; hondoa jo eta hondarrik hondarreneko munstroak besarkatzeko; iheskorra ornen den denbora ur geldiaren kolorekoa dela jabetzeko; begi gesalduekin eternitatearen infernuan egonalditxo azkengabe bat egiteko, ezbideko tripi-aldi batean bezala. Ez ginen jaio bizkarrezur hautsi batean denboraren pasaera bere gordinenean, batere ponselorik gabe, probatzeko; uretara saltatu eta hildakoek bakarrik duten jakitate beltzean erretzeko; arratsalde bero batean denboraren misterio guztia zuritzeko. Ez ginen horretarako jaio. Gu jaio ginen Lesakako gau zoro batean elkar ezagutu eta Xabi B.-rekin batean (PutaGar —barkatu— izan gintezkeen), I was bom in Ohio / hantxe nintzen jaio » kantatuz algara batean lehertzeko. Horretarako jaio ginen, eta denboraz ahazturik bizitzeko, usoak aireaz bezala.
«Denbora pasatzen zen. Hau da dena, denbora pasatzea». Ez da gutxi. Itxuragabe da.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Etiketak · Hitz gakoak:

