logoa

1998-10-17

idatzi mota: Iritzi artikulua

Hauteskundeak 98: Bromuro Viagraren kontra

Tontoenak ere antzemateko modukoa da aurtengo hauteskundeek dakarten jitea. Estatu aurreratuenetan bezalaxe, bi dira, funtsean, nork-gehiagokan elkarri muturka jarriko direnak: Onak eta Besteak, jolas merke guztietan bezala. Oraingoan ordea, sekula baino afan handiagoan dabiltza boto-eske, egundaino ez bezalako eskale-planttan den-denak bat eginik, hasi Poliziaren Ministeriotik eta hemen hauetako euskaljator finenetaraino. (Fanatismo demokratikoa hagitz sukarturik dabil ertz guztietatik, Ezkioko Ama Birjinaren garaiko fedearen tamainatsuan edo hortxe nonbait: lehen botorik botatzen ez zuena arduragabea izaten zen eta ez gehiago, baina gaur ero, gaiztagin edo kriminalen pare jartzen ari da, eta ez dakit zer ikusteko gauden.)

Zerk elkar harrarazten die gisa horretan? Zer jokatzen dute? Zer da hil edo bizikotzat saldu nahi diguten burrundara hori? Tituluan esana dago: edo bromuroa edo viagra politikoa hautatzea, hiritar fededunaren ustezko gaitzen sendagarritzat.

Zer da bromuroa?, galdegingo dute hau irakurtzen ari direnetan gazteenek. Ba, motxean eta zatarki esanda, bromuroa zen botika bat larrutarako edo idiarena jotzeko gogoa kentzen zuena. (Gaur egunean, Sexuaren Heziketarekin, ez dago horrelako konturik; lehengo debekuaren partez, gaur eginbeharra eta zor naturala dira larru-gosea hezteko xixtimak.) Eta folklore politikeroari gagozkiolarik, zer esango dugu hemen hauteskundeetan aurkezten den Bromuroren gainean?; zer esan bromurotarrez, idazten ari naizen toki honetan?; zer esan Estatuaz edo Putaespanyaz irakurleak ez dakienik?; zer esan fede demokratikoaz, normaltasun eta lasaitasun zibikoaz, bere etorkizuntxoarekin kezkatan bizi den gizabanako gaixoaz, modernitateaz, garapenaz, sentimenduaren kontrako arrazoiaz? Gizon bat, boto bat; gizon bat, auto bat; gizon bat, andre bat: gauza jakinegiak dira hemen hitzekin aztarrika ibiltzeko.

Goazen beste aldera. Viagra izeneko gogorgarri edo altxagarri famatua ere mundu guztiak daki zer den gutxigorabehera. Joan ziren buztantxoari (edo buztantzarrari) indizioekin zaztadaka ibiltzeko garaiak. Bakezko aro berri honetan, Viagra da «denon artean», gogorkeriarik gabe, Euskaljatorren Aterpea gogortzeko eta altxatzeko balioko duen pilula politikoa, ezinduen esperantza berria, eta merkatu politikoak asmatutako azkenengo ilusio edo irudipena. Eta ez nator hona inoren ilusioak zapuztera, ez horixe; ilusioek eta fedeak bizitzen laguntzen omen dute (zenbat-eta itsuagoak hobe), eta goizero ohetik jaikitzen ere bai. Gertatzen dena da ni ez naizela idazten ari hemen jende ilusiodun engaina-errexarentzat (gehiengoarentzat), baizik-eta ilusio eta irudipenik gabe erdi-bizirik segitzen daten eta (ia) egunero, ez jakin nola, ohetik jaikitzen asmatzen duten giza-ale bizipozdunentzat. Eta hori gogoan dudala, esango dut... mundu guztiak dakiena edo, hobeki esanda, gehiegi (in)formatu gabeko ezjakin guztiek dakitena; hau da, etorkizuneko Euskaljatorren Aterpe Viagratuan lanera joango garela (35 orduz!) alferrikako litxarreriak ekoiztera; auto eta autobide «berriak» asmatuko dituztela, urteroko hilen eta elbarrituen arau estadistikoari eusteagatik (eta lurraldea nazionalki egituratzeko eta lanpostuak sortzeko, Ekonomiaren pizgarri); haurrak eskolara (Euskal Eskola Nazionalera) joango direla egunero, ikas dezaten mundua biribila (gero eta biribilagoa) dela eta heriotza naturala dela; estadioek beterik segituko dutela igande-arratsaldero, eta hango tristura esentziala alaitasun txuri-gorri-berdez jantziko dela; gurea omen den hizkuntzan hitzegingo dugula (halamoduz!), ez potrotatik (edo auskalo nondik) ateratzen zaigulako, baizik-eta Nazioa ezaugarri sendoz jazteagatik; larrua joko dugula (viagraturik noski) umeak ekarri eta Etorkizun Berriari sakrifikatzeko; bizitzea deitzen dioten aspermenezko putzu hau Telebistari eta Euskal Kultura Nazionalari begira beteko dugula; Justiziak jende menoxa kartzelatzen segituko duela, zuzenbide garbian eta euskara zatarrean («euskaldunontzat ez dago justiziarik!», diote askotxok ernegaturik: ai, gezur eder hori egia balitz!); askatasuna sendotuko dela, geronek erabakiko dugularik, bidezko den bezala, nori eman gure fedea (Bromurori ala Viagrari, adibidez), ze kreditu klase eskatu Bankuari, edo nola deklaratu gure amodio zuritua Foru Ondasunari (banaka edo, normalagoa den bezala, binaka), etc. etc. Eta badakit ez dudala deus berririk esan, ez dudala apartekorik deus esan, Viagraren nahieztako ondorioek izorratu gabeko jendearentzat bederen.

Badakit zer esango didaten: beti ere hobe dela viagra bromuroa baino, gogortuta edukitzea lurrera begira edukitzea baino. Bai, baina —diot nik— ez al da tristea halaxe behar duelako gogortzea, zinezko gogorik eta beroaldirik sentitu gabe, larru-legearekin kunplitze hutsagatik gogortzea, altxatzea, eraikitzea? Ez al da tristea Bromurotik Viagrara dagoen tartea (folklore eta kolore naxionala salbu) hutsa dela konturatu (erdi oharkabean bederen), eta hala ere Jaunak, Sistemak edo Dena Delakoak hiritarren entretenigarri jarritako ardaila ezdeus hori aho bete-betean irenstea? Eta erantzungo didate esanez Bromuro hor dagoela eta badakigula zer den, eta Viagra, berriz, ikusteko dagoela, eta bai, konforme: hitz ematen dut neuk ere egunen batean Viagraren alde egingo dudala, baina hori izango da zeharo etsitzen dudan egunean, etsipen beltzak osotara menderatu eta lurrarekin berdintzen nauenean, nere baitan gose-egarri guztiak hilik sumatzen ditudanean, politikoen politikatik kanpora ezer ezin egon litekeela etsitzen dudan egun dohakabe hartan, ez lehenago. Baina bitartean..., bitartean zer egin? Ez nik egiten dudana, ez: euskaljatorren egunkari honetan (nahi dudana esaten uzten didan egunkari bakarrean, badakit) esplikazio lehorrak bota eta Abstentzioaren kopuruari lagundu, hau da, beste guztiak bezalaxe konputatua izan. Ez, ez da aski; ez da ezer. Udazkeneko euri mardul honi begira gelditu? Erroldari su eman edo birusen bat sartu? Auskalo. Beste zerbait, beste gauza bat agian, oraindik asmatzeko dagoena.

Hemen ez dugu deus eskaintzen, ez dugu deus saltzen jende «praktikoaren» gogokorik: sinesgogortasun edo fidakaiztasun sano pixkat beharbada, eta, hori, bere exkaxean, ez da hutsa izango zakil politizatu guztiak Goiko Lixtoei begira gogorturik dauden trantze honetan.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1998&h=10&e=17&bilatu=alea&orridata=19981017&ikusi=004

Copyright mota:

Gaiak: hauteskundeak

Etiketak · Hitz gakoak: