logoa

1994-10-09

idatzi mota: Iritzi artikulua

Munduko Kutxa eta karitatearen hutsa

Munduko Bankuko lehendakari Preston jauna izenaren jabe da: gizon prestua eta ona. Badu federik asko Garapenean («giza-historiako garaipen haundienetakoa» dela esan du), eta hargatik eman ditu Munduko Kutxa horrek 300 bat mila miloi dolar kreditu edo sinesmenetan, 6.000 inguru proiektu garatzeko 100 bat nazio ez-garatutan edo, hobeki, garapen-bidean direnetan, ez baita eguzkipeko jendaki ororentzat bide bat baizik, bide guztiak ongizate garatuaren portura biltzen direla jakin zenetik.

Ez du ordea dena xeru-xeru agertu nahi izan, eta biziro arrenguratua dago gure gizona nazio azpigaratu edo garakizunetako miseriarekin: milaka asko hiltzen egunero komeni baino lehen (haur gaixoak barne), bizi dena ere patrikatik alargun, garbitasun eta eskola falta latza, eta, errematea emateko, hondamendi ekolojikoa. Eta hori guztia Garapena ez delako oraindik behar bezala biribildu, Ongizateak ez dituelako hankabiko xomorro guztiak azpian harrapatu. Erremedioak baditu saltzeko: burlazko hitzez Hirugarren Mundu deitzen den horretan hazkundea eta inbertsioa indartu, haien bizi-maila hobetu ('pertsonetan inbertitu') guztion mesederako, zeren pobre garakizunei laguntzeak, izanik hura 'munduko merkatu dinamikoena', mundu garatuarentzat lanpostuak eta aberastasuna baitakartza, hain segur. Laburbilduz: «il da karidadea, bizi da mengantza» kantatzen zuten euskaldun haien sasoia ondotxoz pasea dela eta inork gutxik duela munduaren gaitzak ezeztatzeko egun hauetan Madrilen bildurik egon diren exekutibo mundialek ainako borondaterik; bestela esan, karitatea eta mendekua elkarrekin bizitzen jarri direla gure Lehen Mundu honetan.

Eta zer esan behar diozu Preston jaunari? Sar ditzala bere Garapena, Bankua, Kreditua eta Sinesmena kabitzen zaizkion lekuren batetik? Baina arrazoiaren bideak ere saia daitezke, eta esan, adibidez, garatze kontu horri gagozkiola, zenbait landarerentzat garatzea on bada ere, beste askorentzat garatzeak usteltzea eta alferrik galtzea esan nahi duela, hau da, garapena hondamendiaren beste izen bat baizik ez dela; edo ongi bizitzea esaten zitzaionak ez duela deus ikustekorik ongizatea edo bizi-maila esaten zaion ekonomisten asmazio engainagarri horrekin; edo ongizatezko munduaren ondoeza eta ongizaterik gabeko munduaren bizi-ezina miseria berbera direla, Garapenearen arbolako fruitu harjoak biak ere... Eta zer? Laster esango dizu ez joateko hari desarrazoi poetiko-sentimentalekin eta arrazoi materialak behar dituela hark eta ez idealak, eta lasai geldituko da bere fedean, buruan pasa ere gabe nekez asma daitekeela Dirua eta Kreditua baino gauza idealagorik.

Ez dago hemen asmatzen erreza, ez dagoenez erreza... salbu-eta inteletual progreñi gaitz-estalientzat eta azpigaratuen garapenari laguntzeko (gogaideak nonahi Preston jaunak!) BPGko % 0,7-aren kontu txoralda hori sinetsi duten (borondate oneko?) gajo-gizajoentzat.

Artetik esan dezadan progreñi izenez bataiatzen ditudala hemen ustelkeria, telezaborkia, faxismoa, terrorismoaren atentaduak (ez atentadurik gabeko Terrorismoa), Polizia eta Justiziaren hankasartze tristeak edo hauteskunde ez-garbiak salatzen dituztenak; gobernadore astapotroren baten dimisioa eta diktaduretako preso txintxoen ('kontzientziazkoen') askatasuna eskatzen dituztenak; zientziaren fizkiozko eldamioetarik 'herri xehearen' usteak, erlijio zaharkituak edo aitasainduen erakutsiak gaitzesten dituztenak; fanatiko haundien eta fundamentalista teknodemokratikoen kontra txintik atera gabe, setoso ttikiei (integrista islamikoei, abertzale pulamentuzkoei...) parre eginaz laketzen direnak..., hau da, sistemaren hutsak gaitzetsiz sistemaren betea onesten dutenak, normaltasunaren salbuespenak madarikatuz normaltasuna bera bedeinkatzen dutenak, edo, lehengo harira etorriz, axaleko 0,7 erreus bategatik espantuka ariz, barrengo 99,3 gainerako horri (zinezko gaizkinari) arraxtadarik ttikiena ere egingo ez dioten bertangoxozaleak.

Erantzungo zait menturaz jardutea erreza dela eta besoak antxumaturik gelditzea errezago, inolako irtenbiderik proposatu gabe. Bai, baliteke, baina bada hori baino errezagorik: nik ere badakit tarteka nere bihotz-puxka eztia bere barrunbetik haizatzen, eta baita zer den ere, poltxikoan zakarrik izan ezkero, gose denari bokata lehor bat erosteko lain ematea edo jonki bati hurrengo zastada inguratzeko behar duena osatzen laguntzea, ordu batzutako bakea eman dezan. Oso ona da gainera osasunarentzat, gorputza arintzen baitu eta arima aingerutzen. Eta bai, zerbaitetarako balioko du beharbada Munduko Kutxa ez den bankuren bateko (denak bat eta bera ez balira bezala!) elkartasunezko kontu korronteren batean diru pixarren batzuk uzteak eta baita 0,7-aren kontutxo horrek ere, ezin esango dugu gaizki dagoenik: agian, optimistegiak izanez, % 0,7 haur gutxiago hilko da gosez edo % 0,7 malko gutxiago ixuriko du pobreak negarrezko ibar honetan. Baina gauza bat da hori, eta bestea, oso bestea gero, da uste izatea horrekin aberaskillo karitatetsuen eta Mixikordiko mojenaz bestelako politika bat egiten ari garela: hori politika bada edo politika hori bada, da politika txepela eta txarra, edo, hitz folklorikoz esanik, Prestol jaunaren eta Garapenaren eskuin muturrarekiko politika kolaborazionista eta atzerakoia.

Horrelakoxeak dira karitatearen on-gaitzak.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1994&h=10&e=09&bilatu=alea&orridata=19941009&ikusi=004

Copyright mota:

Gaiak: dirua

Etiketak · Hitz gakoak: