logoa

1993-12-19

idatzi mota: Iritzi zutabea

Hitzez, bertsoz

Kulturaren legeak ekarri du hitzegiten den bezala idatzi ez baina idazten den bezala hitzegin beharra; idatzizko pedantekeriaren menderago eta ongi-hitzeginago: gure bertsolari-kazetariak gogora ekartzea aski.

Aspaldi erdi-bertsolariz beteak genituen bazterrak. Zer egiten zuten hizketako dotoreziaren gudari haiek? Bertsotan bezala hizketan: « —ze moduz Amezkuan? —aruzkuan añatxe onuzkuan». Zer egiten dute gaurko bertsolari osoek? Hizketan bezala bertsotan, eta hizketa Kulturaren logopediak elkortu digun honetan, ulertzen hasia naiz zergatik nauten egunetik egunera aspertzenago 50 urtez azpiko bertsolari guztiek, Kulturak hutsaldu gabeko bakarren bat salbu: salbuespentxo hauek, badakizue, ‘klasiko’ gaitzizen burlazkoz izendatzen dira.

Bertsolaritzak sagardotegitik komentura egindako bide itsusia deitoratu zuen bere sasoian Aresti poeta bertsozaleak. Ez zuen ikusi gizajoak komentutik belodromora eta telebistara egindako komeria hilgarria, famili-giro jatorraren iganderoko gozagarri bihurtua, garai bateko errosarioaren pare. Bertsolari onaren aldean, aukeran daoraintxe bertsolari txukuna, eguneratua, teknikaz ikaragarri jantzia, gizalegez eta jakitez puztua, tarteka bertsoaren teoriko ere badena, eskola onak eta musikak bertso txepela eginarazten diona, egoki eta gozo kantatzea zer den atzendurik bertsoa gaurkotasunean barrendu eta informazioz gainezkatu beharrak itolarritua.

Neri berriz, mustro desbideratu honi, gizon zaharrek eta nexka-koxkorrek bakarrik ematen didate oraintxe atsegin pixkat. Halaxe da: Uztapideren azken bertso-lagunez gainera, 20 urtez beheitiko neskagazte bertsolarien lotsaga- betasunak gozatu ditu azken aldian gure bihotz-belarriak. Hutsa da baina, horrenbestean, gaitza gaitzerdi

< atzera