1996-09-07
idatzi mota: Iritzi artikulua
Osakiretsa
Ospitale hau ('Antiguako Ama' izena: ni ere amagatik nago hemen) beste denak bezalakoxea da: hiltzen ikasteko toki bat. Eri kartzelatua esaten zaio zenbait lekutan ‘loturik’ datzan gaixoari, eta ez alferrik: begiratu kanpoko adreiluei, begiratu hemen barruko pareten kolore hilari, edo leiho zeken horiei (gaixoa gaiztoa da, erruduna, gaizkina: ilun beltza merezi du edo herio-argi fluorduna), begiratu, bada, eta hala ateratzen zaio jendeari: «Jeeseus!, esan behar kartzelan gaudela!». (Gehiago: Azpeitiko anbulatorioa ere kartzela izandako etxea da; orain Osasun-zentroa dena Juzgado y Cárceles zen lehen, hau da, diagnostikoa eta tratamendua). Eta mediku sendaezgile kartzelazainak dena daki eta ezer ez daki. Eta gau azkengabe honetako denbora ere kartzelako denbora berbera da, denbora gatzatu bat, beti bera den eta ez den gazur-ttantta baten etengabeko erorierak markatu nahi lukeena. Eta kontuak atera eta ohartzen naiz berrogei bat mila gazur-ttantta eroritakoan bukatuko dela nere gauazko zainketa, lagunketa edo seme zintzoaren keta. Ez nahi orduko, baina azkenean ere atera naiz kanpoko mundu osasunez gainezka betetakora, ez itomenik, ez hil-kolorerik, ez denboraren leiho itsurik, ez dena dakien idiotarik, ez ilun beltzik eta ez inolako gaitzik dagoen paradisu honetara. Munduarekin adiskideturik atera naiz. Pixkaterako izan dadila

