1993-12-29
idatzi mota: Patziku
Iñaki Segurolari:
Ze gizalarru Donosti alde hortan? Ze oxtixe ibili haiz zipaio txar horiekin Patroi haundiaren etxean? Ez haiz makala, mote! Etzekiat non putatik ateratzen duan denbora hainbeste saltsatan sartzeko? Numeroen liburua dela eta, gogoan zeukeat Xabier Mendigurenek telefonoz esana: «Totxo hau ez dik inork letuko moteil; beno, Iñaki Segurola ero horrek igoal». Eta ederki asmatu mutikoak! Zinez esanen diat, «hitzik galdu gabe» leitu duaneko hori ez dut sinisten hain erreza, baina, gehiskona leitu duala, egin dituan oharretan sinale. Serio: eskertzekoak dituk. Egunen batean bigarren aldiz argirik ikusiko balu, dudarik etzak egin hire izenean han joanen direla oharrak, eta baita bizkai-napar-giputzen arteko irudikapen numeriko xelebre horiek ere. Egia esatea nahi baduk, halaxe ateratzeko asmoa nien aurren batean, baina gero seko ahaztu, mote!
«Esposatu» ala «ezkondu» kontu hori nik holaxe aditua duk Goizuetan. Adar jotzeko erabiltzen duk; ezkondu aurretik larrutan ederki arituak direnak salatzeko, edo. «Ezkondu, mote? Lendike erki ezkonduk ittuen bai oriek! Espostu esan naiko yuen?» . Honetatik hik aipatzen duen bereizkuntza zientifiko horretara dagoen aldea, niri ez galde? Ez baitakit jatik ere. Eta horretaz Ama zenaren gutunetan esaten nuenak, usario hori jaso besterik ez dik egiten, eta ez zegok inolako nahasterik, ez bada hire gogoak Goizuetako esanera Arestiren tesiarekin lotzean sortu duena, enteintzen? Horrekin ez diat esan nahi, noski, Arestik eta hik arrazoi izanen ez duzuenik. Nik esaten diat nere buruan ez dela pasa horrelakorik inoiz, hire gutuna leitu arte. Balitekek garairen batean, esposa(tu) horrek elizako sakramentu santua hartzea adieraztea, eta ezkontzak, paperak sinatze hutsa. Baina hori barrenago aztertzeko kontua huke. Nik gauza bat esanen diat, atzenaldi honetan maiz nabilela elizako artxiboan, eta badakidala bi eratako ezkontz paperak ageri direla: «casados» eta «velados». Aurrenekoak, apezarengana joan lekuko batzurekin, ezkontzako papera egin, eta lizto izaten hituan! Bigarrengoak, horrez gainera meza kantatu eder baten santutasuna berenganatzen ziaten; pentsa dezakek nortsuk: dirudunek edo meza kantatua diruz ordaintzeko ohorea zutenek. Bereizkuntza horrekin deus ikusirik ba ote duen hik aipatzen duan auzi honek? Auskalo! Horrainokoa, mote, nere jakinduri honddarra. Eta jakintzak behingoz, nere literatura kontutan deus gutxi ageri dela filologo zentzuen xalahardatu edo aldrebestua. Horretarako aski izaten diat bestelako artikuluetan maizexko egiten ditudan burutazio xelebre horiekin.
Hi, ba al dakik zertaz ohartu naizen? nere irakurle amorratu bihurtu haizela atzenaldi honetan. Ongi zegok. Neretzako ohore haundia duk, hi bezalako jakitun batentzako zerozer intereseko idazten dudala jakitea, baina, kontuz ibil hadi, gauetik goizera nazkatu nahi ez baduk e!
Nik ere leitzen dizkiat tarteka hireak, etzakela pentsa ezetz. Konparazio batera, Olerti 93 leitu nian, eta nere itzala sumatu nian lerroren batean; badakik, «uxte» hutsa nauk. Arrazoi guzia huan arau gabeko jokoen asperraz. Eta arrunt ongi esana Aita Grabiel. Haren literatura epaitzeko titulu onskoa huke: «Apaizetan apaizena, apaizen kontra». Nere idurikoz, kanpoedder hutsa huan; eta bere meritu pixarra euskal soziolinguistikan egin zuena huke, deus izatekotan, eta horretan ere (arestian aipatu gaitza tarteko) ez diat uste hizkuntza baten bihotza zertan den ulertzera iritsi zenik. Nik etzekiat ze ostia dabiltzan apezkondo zapuztu honekin goiti eta behiti isiltzen ez direla; bazirudik beste poetarik izandu ez duela euskarak. Leku ederrean geundekean, beste eredurik izan ez bagenu.
Hitzez, Hotsez ere hagitz ongi eroriko huan, bertsolari txapelketaren bihotz harrizkora. Leitu nian, eta baita gustatu ere. Bai, formak forma, eta estiloak estilo, gauza askotan gogaide gattuk. Lehenbiziko kartan ere aitortu nian, zerbait zinezko sumatzen nuela hire estiloan, eta ez ninduan hain oker ibili. Kasik dudatan eta guzi jartzen hasia nauk hanako «Mediterraneoko beroak urtutako muinen» kontu hura. Ez al didak benpe berriz eskatuko esplikaziorik, aurrekoan Leitzen egin hidaken bezala; ez dakik ongi bestela, sumatik arrazoi hitzezkora zenbateko koska dagoen. Larru jotzetik larru kontura ainatsu bat, gutxinera jota ere.
Beno aski diat gaurkoz. Gainera, elkarren pelotilero samar bihurtzen hasi ez ote garen iruditu zaidak oraingoan, eta ederrak aditzeko hago hurrengoan. Ah! beste gauza: lehengoan hartu nian Miren Larrea horren karta. Jaso zuela liburua. Eskerrik asko egin hidaken mesedeagatik. Eztakik ongi nola daukadan: ziaro txoraute, neskie. Etzekiat zergatik, baina, Gipuzkoan egiten ari naizen lagunik sanonak Urola alde horretan egiten ari nauk. Ez duk ba napar odol noblea izanen noizbait hor zabaldua? Hurrengoan esplikatuko didak, beste zer egin atseginagorik ez baduk bilatzen benpe!
Hurren arte, eta eutsi eromen eder horri, zinezko den artean benik.
Patziku

