1993-03-30
idatzi mota: Patziku
Patziku, argitasun-gose hatorren horri, mila goraintzi:
Zuen lurralde, erreinu edo erresuma zahar bedeinkatu horren izenaz beraz zalantzan jarri zareten trantze estu honetan Orotariko Euskal Hiztegira jo duk agerian argitasun bila. Eskertzekoa, alde batera, gurekin gogoratu izana. Bestetik, ordea, ez zekiat ba ez ote den martxa exkaxa hori napar-jende sinestuarentzat: beti zabaldu izan duzue, izan ere, portaera eta uste sendokoa, zirt ala zart egin azkar erabakitzen dakien kasta izan dela zuena, eta orain, zer duk eta Nafarroa ala Nabarra den ezin erabakirik zabiltzatela? Ba al liteke? Lanak ditxik sinesteak ere, motell!
Orpustan jaun jakintsu horrek zeharo nahasi bide zaituzte, bestela ez zegok ulertzerik edo enteintzerik. Hi heu, konparazio batera, heure bizi guztian, han eta hemen, herrian eta erbestean [erbestea —etzekiat zein astapotrok kendu zion h-a— norberarena ez den herri oro duk guretzat] Nafarroa (edo Naparroa) besterik entzun, esan eta irakurri ez duan hori, modu horretan zalantzan pararazi hauenak beste erregali edo pitxiren bat zekarrek besapean... eta besapean ez ezik baita aski agerian ere: giputxek sartu omen zutela Nafarroa hori; horrekin harrapatu zaituzte, bai xano harrapatu ere, Orpustan astajakintsu horrek, eta alferrik esango didak ezetz, zeren —lehenago ere esan diat— bestela ez baitzegok enteintzerik ere nola krixtotan hartu duzuen aintzakotzat Nabarra-ren kontu negargarri hori.
Gipuxkoa eta giputxekiko darabilkizuen etengabeko saltsa eta behazun trixte horrekin ere sortu duzue bazterretan zer esana (eta idatzia) franko. Nik, nere aldetik, esango nikek kontu honetan, asmoa ona delarik ere, taktika edo bide okerretik zabiltzatela joan den aspaldian.
Honuzkero egin duk heure artean: ederki ari duk orain ere giputxa bere burua zuritzen. Eta, aurrera segi baino lehen, baezpare esango diat ni ez naizela giputxa, nahiz-eta azpeitiarra naizen. Nola litekeen hori? Hik agian onartuko huke (edo ulertuko, bederen) nik neure burua españoltzat ez edukitzea, ezta? Ez zaik behintzat xelebrea irudituko, hortaz seguru negok. Bada, giputz-kontu hau ere gauza berdintsua duk: ni —eta ni bezala beste asko— ez gaituk giputzak (edo españolak), giputz (edo español) sentitzen ez garelako, nahiz-eta ofizialki eta paperetan halakotzat kontsideratuak izan. Ez diat esplikatzen hasi beharrik sentimendua horrelakoetan (eta beste anitz gauzatan) gailen gelditzen dela paper xaxtar guztien aldean. Neri, nahi ez badut ere, española naizela esango zidak Burgosko batek (eta hiri ere bai), edo españula xiberutar agureren batek (eta hiri ere bai), edo giputxa napar-koxkorren batek (eta hik ere bai, aski segur)... Eta ni neurean: ezetz eta ezetz behin eta mila bider.
Nik ez diat mugetan sinesten, eta ezta probintzi-mugetan ere; ez diat sinesten Gipuzkoan (hots, Probintzian) eta ez inongo muga-barrutitan. Nik Euskal Herriko (edo euskal herrietako) maparen bat egitera bortxatuko banindute (Euskal herria bera mugatzea zaila dela ahantzi gabe) ez nikek inola ere probintziarik paratuko: hontan Kataluniaren ereduari segiko nitxiokek ezeri segitzekotan: han ofizialki (Espainiako gobernadoreen ofizialtasunaren arabera) lau probintzia dituk, baina inork ez dik bere buruagatik esango, konparazio batera, Lleida edo Gironakoa denik, bai ordea, adibidez, Ampurdá edo Penedès-koa dela. Eta hau hagitz kontu diferentea duk, txikito! Nik ere esan nezakek, azpeitiarra izanik (eta hau mihiak salatzen dik gainera edozein euskal herri jatorrean bezalaxe), Urola-aldekoa naizela edo hari lotua sentitzen naizela, eta beste batek esango dik dela arratiarra edo goierritarra edo garaztarra edo amikuztarra edo baztandarra edo basaburutarra (edo, mugaz haraindian, basabürütarra), eta, jakina, baita baionesa, bilbotarra (edo bilbainoa) edo donostiarra ere (donoxtiarra esaten diagu gure herrian, ñoñoxtiarra ere entzun izan diat maiz Hernani aldean).
Honetaz aski; lehengora netorrek berriro: taktika okerra darabilkizuela, alegia, zorioneko giputz-kontu horrekin. Egin dezagun kontu, astindu nahi zenuketen mama dela, heure hitzez esateko, moddernotasun ergela (edo kanpo-eder zuri faltso izatea edo nahi duana). Konforme, eta jo dezagun gogotik, mutillak! Baina hori gipuztasunarekin (askok eta askok sinesten ez dugun tasun horrekin) berdintzen duzuen momentutik beretik galduak zabiltzate, borroka galdutzat ematea adinekoa duk hori: hortan etsi-etsia egon hadi! Gainera edonork demostratuko dik kontrakoa, esanez adibidez: eta Txirrita zer?, eta Urtxua baxttanddar marigixona hilarazi zuen Lope Agirreko deabru zakar hura zer?, eta beste holako eta halako zer?
Datuak eskatzen dituk eta goazen datuetara. Orpustanek omen ziok XI. eta XII. mendeetan Nabarra ageri dela erruz: “in Nabarra” eta abar. Baina ze krixto nahi duk agertzea LATINEZ, “in Nabarra” ezpada? Hori gauza jakina duk! (Horrek esan nahi duena duk soil-soilik latinezko dokumentuetan nafar-herriaren izena horrela egokitzen zutela, seguru asko nafar edo nabar-etik, eta besterik ez; hori latinaren eta, gerora, erromantzearen problema duk, ez euskararena.) Sasoi horretan ez zegok euskal testurik eta gauza garbirik ere ez, baina halaz guztiz nafar ongi dokumentatzen ahal duk XI. mendean berean, f eta guzti jadanik: “molino de Ama Nafarra” (1096 urt.) eta baita Naffarrate (1025 urt.) eta Errioxan Nafarruri (1070 urt.) ere.
Goazen aurrera: euskaraz zerbaitxo ba omen zekien Karlos V. enperadoreak Nafarroa entzuten zian Nafarroan; ik. Textos arcaicos vascos, 154. or.: “que encontrando en el camino a un arriero de Navarra le preguntó en bascuence: —Mandazaya, nondic zatoz? [...] Y respondió: —Nafarroatic.”
1666 urtean Francisco de Aleson Nafarroako Bianan jaiotako jesuitak “Gure Erregue Philippe Andiaren heriotzean, euscarazco coplac” egin zituenak O Nafarroa leala! kantatu zian bere bertsoetan. (Giputx-zale amorratuak denak ere, mandazai eta jesuita.)
Navarro-tik sortua omen duk Nafarroa: eta nondik ateratzen da Nafarroa-k berezko (eta ez artikulu) duen -a hori? Uste horren arabera Nafarroa/Nafarroko (“Azpeitia/Azpeitiko” bezala) behar baitzian izan, eta ez duk horrela, bistan denez, baizik Nafarroa/Nafarroako (“Gipuzkoa/Gipuzkoako” bezala).
XVII. mendeko etzekiat nongo “jende xoilaren” gutunetan Nabarra ageri omen dela. Bego: baina Leizarraga, Axular eta Oihenarten lekukotasunak ez omen dik deusetarako balio, zergatik eta “jakintsunak” zirelako!!! Eta “jakintsunak” garai hartan ere, Beskoitzen, Saran eta Donapaleun, Gipuzkoako modaren jarraitzaile izango hituen, ezta? Eta gainera, beste deusetan giputz-kutsurik inondik ere nabari ez zaielarik, soil-soilik Nafarroa izena horrela idazterakoan hituen gipuxkoi, ezta? Sinets dezala berak eta jo dezaiola beste bati adarra!
Nabarra hori erabili izan duk euskal testuetan, bai, baina Iparraldean bakarrik eta txit bakan halere: agertzen duk Charlemagne pastoralean, Zaldubirengan (honek Nabarpe ere bazerabilek Nafarroa beherea edo Baxenabarre esateko), Jean Etcheparegan (honek berriz mendiez honunzko Nafarroa Nabar-goiti izen txit dotorez bataiatzen dik), Oxobirengan, Junes Casenaverengan (Nafarroa-rekin batera) eta P. Arradoygan (Nafarra ere erabiltzen duelarik).
Beste bakarren batek ere erabili izango dik, baina horixe duk dagoentxoa. Gainerakoan Nafarroa edo Naparroa (azken hau berriagoa, XIX. mende ondarrean zabaltzen hasia) besterik ez zegok bazterretan: Leizarraga, Axular, Oihenart, Etxeberri Sarakoa, Hiribarren, Laphitz, Elizanburu, Xalbador, Xaho, Mirande, herri-kantetan, etab. (Iparraldeari gagozkiola), Bizkai-Gipuzkoak eta Nafarroa aho batez (Lizarraga Elkanokoa, Bordel eta Zubiri “Manezaundi” luzaidarrak, F. Irigarai “Larreko”, N. Ormaetxea “Orixe”, Damaso Intza, Polikarpo Iraizoz, Josemari Satrustegi, Patziku Perurena... zer gehiago nahi duk?)
Nik uste diat —eta ez nauk luzatuko esplikatzen— nafar-etik sortu dela Nafarroa, hala nola sortu baitira giputz-etik Gipuzkoa eta aetz-etik Aezkoa, eta beraz, ez dela beharrezko hik aipatzen dituan arreo, mozkortzio eta horrelakoetara jotzea esplikazio bila.
Baina hemengo datu hauekikoa duk guttienekoa: egin dezagun kontu, ezinezko bada ere, Orpustan dela arrazoiaren jabe eta Nabarra dela “etorkizko eta egiazko izena”. ETA GURI ZER?? Herriaren eta idazleen aho-belarrietan bizi izan dena eta bizi dena Nafarroa (edo Naparroa) baldin bada, doala betiko txakurraren ipurtzulora Nabarra parregarri hori eta bere etorki txit lorios eta ezinago garbia!, eta baita, bidenabar, zozokeria hori platerera atera duen astamaisu zantar dongia!
Euskal fonetika eta morfologia historikoaren arabera gauza ezaguna duk ardo, arno, ardao eta gainerakoen jatorrizko forma komuna ardano dela; eta dut, dot, det eta horiena berriz daut (eta lehenago, dadut, aski segur). ETA GURI ZER?? Ardoa edan dut esan eta idatzi beharrean ardanoa edan daut esan eta idatzi behar al da? Nabarrako ardanoa edan beharko diagu Nafarroako ardoa edo nafar-ardoa edan beharrean, ezta? Utikan, inuzentekeriok! Hau bai dela moddernixmo ergela, txikitos! Herriaren hitza eta sena baztertu eta gizon jakintsu usteko baten iritzi ergelen atzetik abiatu; oraindik holakorik!
Lehen ere esan diat, eta bazterrak aspertzeko batere beldurrik gabe berriro esango diat, asmo onez —nik uste— baldin bazabiltzate ere, taktikan huts egiten duzuela eta gudukatu nahi zenuketen etsaia indartu eta puztu besterik ez zaretela egiten ari. Orain: azkenengo aterakari hau bezalakorik ez nian espero inondik ere; hau bertsoak ateratzeko modukoa duk, motell!
Eman nitzakeen argitasunak eman dizkiadalakoan negok, gogo onez eman ere.
Izan ongi, nahi baduk, eta nahi ez baduk ere bai.
Iñaki Segurola
(Orotariko Euskal Hiztegia)

