logoa

1992-12-23

idatzi mota: Iritzi artikulua

Ze gizatasun eta ze krixto!

Miraz nago, jaun-andreak, euskaldun askojakinen bideei antzeman ezinik, haien argi goitarrak txunditurik eta lausoturik, edo, menturaz —nork jakin?— haien ideien gailurretaraino hegaldatu ezinaren tristurak joa.

Beste alde batetik ere, tristea da gero egunkarietan izen propioekin lardaxkan eta bazterrak aspertzen aritu behar hau, tristea denez! Baina bego; hona lehenbiziko kolpean bi giza-jakinti atera platerera; ene harridura, aspaldixkodanik heldu zaidan harridura, orain berriro oroitarazi didaten Alvarez S. Cristina jakintzalaria (Egunkaria, azaroak 22) eta honek ahotan hartu duen Mitxelena hizkuntzalaria, idazten ari den honen (eta beste askotxoren) maisu izana.

Ene harridurak eta txundizioak, izan ere, gainez egiten dute entzuten dudalarik: «1. A eta B ezin izan daitezke inolaz ere elkarren etsai, baina 2. hala eta guztiz ere, A eta B etsaituko balira, ni B-ren alde nago argi eta garbi». Zertan gelditzen gara? Etsai dira ala ez dira? Eta ez badira, nola krixtotan daude jaun horiek horren garbiro etsiak eta sinetsiak bietan zeinek behar duen lehenago? Ze adar-jotze klase da hau? Edozein amaren semek eta aitaren alabak igertzen dio ordea hor azpian dabilen jokoari; euskara garbian itzulirik: «B gehiago (lehenago, garrantzizkoago...) da A baino».

Nor ote dugu bada A koittadu hori? Nor izango, eta hara: gure ama euskara gaixoa, ia gaztetasunik dastatu gabe atsotua, betiereko galtzailearen antzirudia... (luza bedi nahi adina letania-sorta beltz hau), Eta zer ote da ba B? Erantzuna: zentzua (Mitxelena), gizatasuna (Alvarez S.C.).

Gizatasun edo gizon-kontu honi nagokiola, gauza jakina da gisa honetako giza-jakinti zentzudunak oso maitea duela «gizon naiz euskaldun baino lehen» delako hura (Mitxelenak berak ere —ai!— halaxe idatzi zuen), zein baita, zakar antzean esanik, gure ama gaixo horri burutik behera kaka egilea, bestela esan, gezurra, hots, ge-zu-rra (zenbait euskaldun berriren salbuespenak salbuespen); nik ez dakit (ez dit axola) zer den gizon izatea Teologia, Filosofia, Zoologia edo Sexologiaren dotrinen arabera, baina dakidana da begi-bistakoa dela gehienez ere haur garela euskaldun baino lehen, haur hizkuntzagabe izan ginela (eta, beraz, garela —diakronia ere sinkronian baitago—) euskaldundu baino lehen, eta euskaldun gizon (eta baita 'pertsona') baino lehenago, hagitzez lehenago, alazankoa! Hemendik segitzen dena da, izatekotan ere, duda egin daitekeela euskalduntasuna salduko ote genukeen haurtasunaren (baina haurtasun hizkuntzagabearen!) truke, baina ez inolaz ere gizontasun, gizatasun edo gizajotasun zentzatuaren truke. (Hau duk gizon-hotsa, motellak! Zer diote giza-feministek? Jakinekoa; Gizonaren gradura igo, eta oso errez eta gozo ateratzen zaiek: «emakume naiz euskaldun baino lehen»).

A eta B, B eta A-rekin ari ginen, B horien gehientasunaz: Mitxelenaren zentzua eta Alvarezen gizatasuna. Zer gehiago da B? Hobeki esan: zer ez da B? Den-dena eta edozer gauza izan baitaiteke B, zentzu-gizatasunetarik abiatzen denarentzat: zintzotasuna, kultura, etika (Toribio Etxebarria eibartar sozialistarena adibidez, belarrimotx hitzaz zioelarik: «los que se sienten xenófobos lo dicen de los castellanos»; harrapazak hankatik!), solidaritza, gizalegea, errespetoa (katalanek ez dutena, lotsagabe alenak!: «zon demaziao independentihtah, no como uhtedeh» entzun behar izan diot oraintsu Jaen-go andaluz bati); baina segi lasai, dena libre da-ta: Jainkoa eta dirua, erlijioa eta zientzia, politika eta exekutibotza, aberria eta unibertsaltasuna, opera eta death-metala... eta segi daiteke horrela zakurraren ipurtzuloraino direnak eta ez direnak boteaz, azken beltzean —zergatik ez?— Hitiart-Urruty xaharraren 'bizia ala eskuara?' hura galdegiterainokoan.

Ez dakit behar bezala ulertzen den: A eta B etsaituz gero, B-ren alde aterako ginatekeenez (B gehiago —lehenago, garrantzizkoago...— baita A baino), eta kontuan izanik B edo zentzu-gizatasunen zorioneko erresuma ez dela noski mutua izanen, orduan, A euskara delarik, B-ren hizkuntza ezin izan daiteke erdara baizik, halako moldez non 'B gehiago da A baino' perpausak esan nahi baitu 'erdara gehiago da euskara baino', zein baita erretolika txepel honetan sartu baino lehenago guztiok genekien gauza, errealitatearen eta munduaren berri ematen hasi zitzaizkigunean, gixontze bidean abiatzearekin bateratsu-edo, ikasi behar izan genuena. (Ez gara luzatuko hemen esplikatzen zein izan daitekeen ageriko eta begien bistako diren gauzak adieraztearen funtzioa, baina gehi dezagun gauza bat dela gauza jakin bat pentsatzea —«ño! gauzak hala dituk, tristea duk baina, honela segituz gero...»—, eta, bestea pentsatu eta esatea, baina esatea informazio berri bat emanen bagenu bezala, ezkutuan dagoen zerbait agertarazten ari bagina bezala: honelakoetan 'gauzak hala dira'-k esan nahi du 'gauzak hala dira eta halaxe behar dute izan —edo— gauzak hala dira halaxe behar dutelako izan'; hala behar: «fatalisme primitif» deitzen zion honi gure Chaho azti-jakintiak).

Ba ote da ordea deus B zital horrek mendean hartzen ez duenik? Hemen Alvarez jaunak berak egiten digu argi, dioenean B-ren (gizatasunaren) aldeko hautua eginen lukeela «bihotza eta erraiak erdira balekizkit ere horrenbestez». Horrela ere bai? Honi esaten zaio gizon portatzea! (Otoitz bana eskatzen da hemen Gizatasunaren martiri bihotz-erdiratuen alde: hartuko ahal ditu jainko horrek bere altzo gozoan!).

Baina ixo: bihotza sartu zaigu tartean: bihotza, sentimendua... Atera zaizkio behintzat laguntxo batzuek gure A (euskara) gaixoari, ez dago uste genuen bezain bakar. Lagun ahulak ditu ordea: aski laster esanen digute Gizatasunaren apaizek (eta halaxe erakutsi ere ziguten geure gizontze bidearen atarian) bihotzari eta sentimenduei gogor egitean eta goragoko B guztien—garaian garaikoen— oinetan makurtzean datzala gizatasun zentzatuaren beteginzarrea. Baina ez al du bihotzak seniderik? Bai, badu bat, edo behar luke izan bederen, baldin B-tarrak oro betiere hura berentzat bahitu nahian ez balebiltza, baldin hura beti bihotzaren eta sentimenduaren arerio amorratuena bezala pintatzen ibiliko ez balira... Nor den senide hori? Arrazoia; bai jaunak, bai: ez kultura, ez jakintza, ez ideiak, ez: a-rra-zo-ia, beste izenez, pentsamendua, eta beste izenagoz, hizkuntza bera, hots, A; ez baitago arrazoirik hizkuntzaz landa, hain dira biak gauza bat eta bera: arrazoia bera da hizkuntza, hizkuntza bera da arrazoia, hots, hizkuntza bera da arrazoirik aski.

Badu, beraz, gure A-euskara gaixoak lagunik asko: bihotza eta arrazoia, sentimendua eta pentsamendua. Baina, hala eta guztiz ere, B-tarrek daukate apustua eskutik, eta beldurra zabaltzen alde guztietarik, A-tar guztiak bilakarazi dituztelarik on, txintxo, otxan, xantu, zentzudunegi, errealistegi eta errespetoz, etikaz, gizalegez eta gizatasunez beteegi. Haurrak bezalako bilakatzea omen da mundu honetako lanik eta iraultzarik gaitzena; ongixko zekiten hori B-tarrek eta halatan dituzte ustezko A-tar guztiak gizon-gizajotu, menderatu, lotsatu eta hezi. (Hor azaldu zaigu orain erdi-erditik gure Atxaga elertilari argidotarra «euskaldun hezituak» aipatzen eta aupatzen, eta hori gutxi balitz, baita «pilotarien euskara baldarra» desfamatzen ere; hori ere bai? zer duk eta, unibertsitatean kulturaz puztutako asta-jakintiaren euskara gehiago Eratsungo txapel-handiarena baino? noiztik hona? Hauxe duk jo-ta-pasa egitea, errestatzea ere merezi ez duen arrazoia; honi ere Errezilgo zapatariarena etorri bide zaio: ari zela, ari zela, ahaztu zertan ari zen. Baina beude artista eta intelektualak beren txokoan; gatozen gu zabalera).

Ba ote da A-tar euskaltzalerik gizon-gizajotu gabeko haurra bezain bihoztoi-arrazoidun-sentiberarik, eta, horrenbestez, hezigabe eta lotsagaberik, itsu eta ezjakinik (giza-arteko eta gizarteko ezjakiteko txepel B-tar guztiez ezjakin denik, edo bederen behin bortxaz ikasi eta gogo onez ahantzi dituenik)?, B guztiei eta edozeini bi aldiz pentsatu gabe haurrek gehien maite duten ez hitz eder hori aurpegira botako liokeenik, edo, bestela, adibidez, harako Larramendik bere hiztegiaren hitzaurrean ateratzen duen andere harena; «zoaz ordu gaistoan emendican, eta urrengoan jaquin ezazu nere eusquera, ta nere erara hitzegin bear didazula, eta ez nic zuri erdera erbesteco arrotz ori»?

Ba ote da eguzkiaren azpian halakorik?, halako surik? Sua baita —aspaldi esana dago— arrazoiaren izenetarik bat. Gauden gu, ahal bada, supazter xokoño honen berotan.

*** Oharrak: Ohar batzuk idatzi zituen eskuz egunkariko orriaren gainean, hitz batzuk zuzentzeko. Zuzenketa horiek aintzat hartu ditut jasotako testuan.
< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1992&h=12&e=23&bilatu=alea&orridata=19921223&ikusi=021

Copyright mota:

Gaiak: Euskalduntasuna

Etiketak · Hitz gakoak: