1994-10-08
idatzi mota: Iritzi zutabea
Atzekoz aurrera
Dakitenen esana da oso bizimodu latza eta larre motxekoa zela Lehen Munduko gizonak zeramana, eta hori, adituen ustez, haien estalki edo jazkeran ezagutzen ornen da ongiena, arrunt soila, gartxua eta pantasigabea: Txandar Erosoaren Kultura izendatu dute batzuek, Nuyork, Tokio edo Bilboko aztamategietan aztertua izan dena. Hipotesi onetsienaren arabera, antzinako gizon dohakabe hura, zirenak eta ez zirenak iresten zituen munstro ikaragarri batek omen zeukan zeharo uzkurtua, izenez ‘Hitz biko munstroa’ deitua, eta hitz horiek izaten omen ziren ‘tik’ eta ‘tak’, betiere ordena horretantxe boteak, azkengabeko jardun zorabiozkoan: tik-tak, tik-tak... Nolanahi dela, eta gaur guretzat konprenitzen zail bada ere, asti-ordu eta jai-egunetan omen zuen delako ‘txandar’ xuhur horrek estimaziorik haundiena; konprenitzen eta barrentzen are zailagoak dira jakitunek orduko hondakinetatik berreraiki izan dituzten hiru gizamodu txandardunen izenak, hagitz ilunak denak ere: ‘inorako presarik ez zuen gizon lasterkari hatsantua’, ‘ibiltzera ateratako etxekoandre ipurtaundi mordoxka’ eta ‘aurpegian ohe-beldurra eta besapean ogia zeramatzan gizon ezkondu goiztiarra’.
Gatozen infemu hartatik gaurko zeru garbira. Tanganikako mendi-alde hauetan loratzen den Hirugarren Mundu dohatsura. Munstropeko txandar-mundu hartan ez bezala, luzaz aritzen gara hemen geure eta besteren biluztasuna apaintzen eta ederragotzen, panpinatzen eta pinpirinatzen: erlojurik ez duenak erloju-beldurrik ere ez. Eta aurrerapenak ekarri duen alderdi ez txikiena: gizonak emakumearen aldean jasaten zuen moztade eta bereizkeriaren azkentzea, hots, gizonezko gaixoak antzinako mundu landugabe haietan nozitzen zuen pantasi- eta apain-debeku zorrotz hura behin-betiko ezeztatu izana.
Aurrerapena asmatu zuenak bazekien zerbait.

