1996-06-15
idatzi mota: Iritzi artikulua
Botilleroa
Bat aspertu egiten da beti esklabo, beti mendean. Noren mendean? Ba, denik eta nagusi latzenaren mendean: nor bere buruaren esanera. Partidu hau luze doa, eta bat aspertu egiten da beti bere buruarekin buruz buru. Bat hau nazka-nazka eginda dago «heuk jakingo duk, ez haiz umea-eta», «heuk ikusi», «heuk erabaki» eta «hi heu», «zu zeu» eta bereziki «ni neu» guztiekin. Orduan, bietako bat: edo neure burua (ikus goiko irudia) garbitu, neure buruaz beste egin, baina inoiz baino biziago segituz (gauza zaila, euskaraz bederen); edo, bestela, neure buruaren ordez, beste zerbaiten esanera jarri: baina senaren (?), haizearen, herriaren, Espiritu Santuaren edo zeren esanera? Ez: partidu hau luze doa, eta bat honek behar duena botillero bat da; botilleroa, bai, euskaldunen asmazio ederrenetakoa, askatasunaren kartzelatik aterako nauena; azkarra, zaildua, estua, zirt-edo-zartekoa, hauxe-eta-kitokoa (beti gorroto izan dudan giza-kasta, baina?); hankak igurtzi, lepoa estutu, kauendioska astindu edo bi zapla emango dizkidana... bai gauza ederra!
Botillero bat nahi nuke. Idatzi egunkari honetara. Konponduko gara. Oharra: botilleroaren esanari parre egin eta behin-betiko txakurraren salara bidaltzea nere esku gelditzen da. Horixe da eskatzen (eta sinesten) dudan askatasun bakarra.

