logoa

1995-09-10

idatzi mota: Iritzi zutabea

Kilikia

Edo, bestela esan, kabezulo edo buruhandi umejolea.

Kilikiak bi arma klase dantzatzen ditu: gehienean maskuria, baina gogorrera ‘behartu’ ezkero, baita egurra ere, maskuriaren irakaspena errazegi ahazten zaionarentzat. (Bi horien arteko soka inoiz erabili duteneko konturik ez da heldu nere ezaguerara.)

Beldur pixkat ezezik, nazka puskat ere ematen zidaten kabezuloek. Hala esango nuke behintzat haien buru itxuragabe, bixaje geldo edo egundo ixten ez ziren begi-ale haiek gogoan pasatzen zaizkidalarik. Baina ez dakit jabetzen ginen gauza batez, eta da kabezuloak ez zirela beren buruen jabe; burutzar haiek buru hutsak zirela, eta ahoko zuloan erdi-irentsian zeramatzaten beste buru ttiki batzuek zituztela gobernatzen. Infragizaki haiek ez zuten bihotzik izango, baina gogotik maite zituztelakoan nago kara gozoa jartzen zieten mutiko alaiak eta ikusmiran zeudenen onespen mutua. Eta etsi-etsian esan egin beharko dut behin honetara ezkero ixilik ezin utz daitekeena; alegia, kabezuloen banda ez zela besterik, baizik-eta gure haragi gurietara egokitutako apropostako polixia, benetakoaren aurrerapen edo aitzin-jolasa.

Haundi xamarra bota dudala? Baina polizia ere jolas bat ez da ba! Polizia ez da gaiztoa edo terrorista, hartarako premiarik ere ez du. Maskuria erakuste hutsa asko du bake eder bat jartzeko; ageriko maskuriak berekin du, ikusi nahi duenarentzat, ezkutuko egur latzaren edo soka beltzenaren amenazua. Poliziak ez du misteriorik. Misterioa erraldioiak dira, eta kilikiekin gogoratu ere gabe baina kilikien bixaje geldo berberarekin erraldoien ibilera panparroiari begira itsutuki gozatzen den giza-samalda zuringotua. Hori da misterio erraldoia, kilikiaren ahoko zuloa baino ilunagoa.

< atzera