1994-05-22
idatzi mota: Iritzi zutabea
Kontraizana
UNAMUNOK: «me contradigo, y qué?» Euskarak: elurra, zuria delarik, beltza da. Heraklitok: erreka berberetan sartzen gara eta ez gara, gaude eta ez gaude.
Horrelatsu ari zen hitza, mintzoa, arrazoia, gure munduaren eta geure buruaren ezintasun kontraesataria salatzen: bagara eta ez gara. Gizon zuhurrei iruditu zitzaien ordea, ez zela hori atarramendu zuzena, eta erabaki zuten gu betiere bagarela, erreka betiere badoala eta ez dagoela erreka berberetan bitan sartzerik. Labur esanik: «panta rhei», edo gure Jean Etcheparek euskaraz: «otro badoatzi; deus, badagonik». Machado bat ez zuen txoro-haize horrek jo eta zintzo heldu zion munduaren kontraizanari: «todo pasa y todo queda».
Gizona egun batez aspertu egin zen arrazoiaren suarekin jostatzen, eta burutan hartu zuen pentsamendu biziaren ur-xirripa errendiaraztea ideien putzu geldo kirastuan. Horrela jaio zen arrazoi lizundua, arrazoi uzkurtua, bere buruari beldurrez iltzatua, herdoildua eta herbaldua; horrela jaio ziren, hitz itsusiz esanik, koherentzia eta sistematikotasuna; eta horrela jaio zen, batipat, ‘giza-arrazoia’, Urola-aldeko euskarak munduari eman dion hitz ederrena, gure bihotz-belarrietan esan nahi baitu arrazoi edo arrazoibide lehorra, bekozkoduna, txintxoa, xuxena eta xerioa.
Gizonaren sasi-arrazoi irendu honetatik libre xamar gelditu ziren haurrak, eroak eta haizea bezain aldakor ornen diren emakumeak, baina, munduaren joerari begiratuz, beldur izateko da pedagojia berriak, psikiatria betikoak edo feminismo aurreratuak ez ote duten lortuko kristo guztia sistematiko eta koherente bihurtzea. Horri esaten zaio sua hauspean galtzea edo lurraren gatza gezatzea.

