1995-06-05
idatzi mota: Iritzi zutabea
‘Normala da’
Dakien gizona ez da hutsagatik aztoratzen, ez horixe: gauzak datozen eran hartzen ditu, hau da, direnak eta daitezkeenak oro etsi-etsian irensten dakiena da dakien gizona.
Egin dezagun kontu, hau dela edo hura dela, odolak su gabe dirakiela zure baitan, ez-izatekoren bat izan duzula, nolaliteke-ka eta ezinliteke-ka jartzen gaituzten horietakoa. Zure larruan kabitu ezinik, norbaiti hustu behar barnean gainez duzun hori, eta halako batean harrapatu duzu bat (dakien gizon bat, halabeharrez), eta ekin diozu, «hi, aizak, hola-ta hola...»; ezinean lagun uste zenuenak tontotzat hartu eta arrazoi lehor honetxekin uzten zaitu: «normala duk hori, motell: nik ulertzen diat». Potrotako latza, latzik bada.
Giza-jenero hori, beren hitzez esan, ‘aurriritzirik gabea’ izaten da. Nik badut ordea neure aurriritzia eta aurrikuspena, haien mendekuz pentsatua, eta da honelatsu: dakiten gizon aurriritzigabe horietako baten alabatxoa (Marimaitetxu deituko diogu), bi urteko aingerua, kamioiak azpian harrapatu eta bide-bazter batean datza ametsik gabe lo, xapal-xapal egina taloa bezalaxe... Hor datorkit aita, malkoz itsuturik begiak, «Marimaitetxu gurea» eginez, «gure ondakintxoa, gure poz bakarra...» Hona nere erantzuna, azalik mudatu gabe emana: «aze misterioa, motell! zer nahi huan bat? kamioiak hamar tona txatar, zuen Marimaitetxu arroa-erdirik ere ez...; tira, tira: begiraiok aurriritzirik gabe hire alabatxoaren gorputz xanpatuari, hortxe zegok zuku-zuku egina; eta? normala duk! oso erreza duk ulertzen!; zertan jarri horrela? Fisikaren legeari obeditzea besterik ez dik egin, eta Estatistikarenari ere bai bide batez...».
Dakien gizonak ez dakiena da normaltasun ulergarria dela izenik gabeko izu-ikaren goitizena.

