1995-09-24
idatzi mota: Iritzi zutabea
Obedimena
Stanley Mügram jaunak aproba polita egin zuen behin, ‘Behavioural study of obedience’, urtez 1963. Bildu ditu 40 gizonezko, 20 eta 50 urte bitartekoak (emerik eta gaxterik ez, badaezpadare), eta sinestarazi die esperimentuaren funtsa izanen dela ikasketan zigorrak duen eragina aztertzea. Gizon bekoskodun baten agindura jarriko ditu denak, eta tartean biktima bat, aulki elektrikoan lotua. Dena gezurra eta teatroa, baina sinesteko moduan poliki moldatua. Berrogei horien lana izan zen biktimari galdera jakin batzuk egin eta hutsegiten zuen aldiro tira-dale elektroshockarekin, hasi 15 boltiotan eta 450-eraino. 300 boltiotan hasten da ‘gizajoa’ bere nahigabeak deklaratzen. Zorrotz agintzen zaie orduan: «segi motellak, honek holaxe behar dik eta». Bostek (% 12,5) planto egiten dute: ‘ez baina ez’; bederatzik (% 22,5) segi bai baina 450 boltiotara iritsi gabe: ‘ez baina bai, erdizka’; hogeitaseik (% 65),segitzen diote azkeneraino, batzuek errez (‘bai baina bai’), gehienek nekez (‘ez baina bai, osorik’). Askotxo omen ziren izerditan edo nerbio denak aidean zituztela aurrera eginak: barrenak ez agintzen, baina egin egiten halere; gizon portatze aldera noski.
Panorama exkaxa, ezta? Bai, nahi duzuena, baina bada hor huts bat nabarmena, eta hori da ‘bai baina ez’ klasekorik agertu ez izana. Da esatea: «emango niokek ba nik gizajo honi shock-aldi bat ona, baina horrako ogro zerri horrek horren lehor agintzen didanean ez duk parte onekoa izango eta kontra egiteagatik bakarrik ez diat esandakorik egingo». Ezeztiar koherenteen % 12,5 hura kontzientziduna da eta numeroekin errez ezkontzen dena, baina beste fidakaiztasun sano hori (% ?) edo kontra egiteko grina bixigarri hori (% ?)... ez izan nonbait numeroz konta litekeena.

