logoa

1993-04-11

idatzi mota: Patziku

Urolako euskalari maite hori:

Atsegin haundiz leitu diat hire gutuna. Deus baino lehen, eskerrak nere DV-ko aipamenak kontutan hartu eta erantzuten saiatu haizelakotz. Nere senak juzkatzen dituen giputx xuri horietako inork ez likek sekulan beste hainbeste eginen. Bajeza haundia izanen huke halako batentzako. Ez haut ezagutzen euskal kontutan nondik nora habilen, baina, ez duk denbora asko hire artikulu bat Euskaldunon Egunkaria-n leitu nuela, eta baita Nemesio Etxanizen Izotz kandelak liburuko sarrera ere. Koldo Mitxelenaren eskolakoa haiz. Idazkeran nabari duk. Hori baino okerragoa dena: hire diskurtsoan, katalandar kutsua nabari zaik; bi hitzetan esplikatzen zaila duk; Sarasolari eta Atxagari eta haien moduko askori darion zera hori, alegia. Etzekiat zergatik, baina segituan nabaritzen dizkiat Mediterranioko beroak urtutako muinak. Bestela, kastako gizona ikusten haut. Alderdi hori pittin bat zaindu ezkero, badik hire hizkerak, gustagarri egiten zaidan zerbait. Egunkariko artikulu hark ere, bazian jite berezia.

Gauza asko esaten dizkidak sei orrialde luzetan. Eta hasi nadin baten batetik:

  1. “Gupitx xuri, modderno, kanpoeder, berrenuts...” delako otoitz modua, nere gaitza edo bertutea duk; ez, inondik ere, Gil Bera, edo Orpustan batena. Ez gaitzak zaku berean sartu, faborez; asko galduko huke Iñaki, nere izakera xaxtarra haien nobletasun prestuarekin nahasiko bahu. Ez nauk haien hankazpira ere iristen. Orpustan ez diat ezagutzen, eta Gil Bera ere, hagitz guti, baina, egia esanen badiat, pentsamentu unibertsalak euskaraz eman dituen pasarterik ederrenak, haren liburuetan leitu dizkiat (pentsamentua esaten diat e!, eta bihotza eta muinak eskuan ditudala, esan ere). Adibide ttiki bat parako diat gu bion arteko alde izugarria erakusteko: Eduardok niri Patziku deitu zidanerako, ni hari «Montaigne Luxea» deitzen ari ninduan. Elkarri paratako izen horiei ongi begiratzen badiek, ederki ikusiko duk zeinen desberdinak garen. Bazirudik nere erro sanoetara begira para nauela hark, eta nik aldiz, haren pentsamentu noble eta gozoa izengoiti xixtrin batez xuritu nahi izan dudala. Entsegu eder bat egin zitekek hortik aurrera, elkarrekiko aldeak, eraginak eta zorrak aztertuz. Dena den, nerea ez duk inondik ere Gipuxkoako idixko modernoak bihurtzeko akuilua, baizik eta haien taigabeko orro sakratuan seko sinistua dagoen jende xoxoari zer pentsatu pittin bat emateko xixtako arina. Beste gauza: ni moddernismo xuri ergelaz ari naizenean, eta nahiz Donostia eredutzat hartu, lasai demonio sartu zitezkek tartean hainbat goierritar, bizkaitar franko eta napar asko ere. Leitzak berak Donostiaren alaba pantasiosa zirudik (izakeraz herri giputxa duk: historia horren lekuko). Nazka ematen zeak hemengo jendaje zuriak. Konparazio batera, hire tokaio Perurena, giputx xuri moddernoaren eredu aproposa duk. Nork esan, ezta? Ba, halaxe duk. Gure indar konturik zakarrena, xuriberritzen zenbat teatro ergel egin duen gizajoak! Eta jendea ez ohartzen, hi! Horixe duk penagarriena. Nere hizkera hori, nolabait esan, munduan izateko modu baten salatari baizik ez duk Iñaki. Hitzeginen diagu egunen batean luzeago.

  2. Nafarroa edo Nabarra dela eta, euskararen nonahiko arkitektoak sortu aurretik, zein izandu den jakin nahiko nikek maizago erabilia? Nafarroa ala Nabarra, edo Naparra. Luzatzen ari gabe, gauzatto bakarra esanen diat: aurreneko aldiz Nafarroa aditzen eta leitzen hasi nintzenean arrotz egin zitzaidala hitza. Eta adineko jende askori ere aditu zioat gauza bera aldedi honetan. Kontuak hola, hire hitzak nere eginez erantzunen diat motxean: “Eta niri zer, herriaren aho belarrietan bizi izan dena eta bizi dena Naparra baldin bada”. Behar bezala burutua ote dago izen honi buruzko atlas linguistikoa? Pozik ikusiko nikek. Bai pozik ere! Uste baitut, Orpustanek bilduko lukela Segurolak hainatsu botu. Lau xokotan izkribaturik bilatu dutela eta, beren erudizio ikaragarria erakutsi nahian Nafarroa inposatu dutenek, ez ote dabiltza bertago hik aipatzen duan «Nabarrako ardanoa» delako simil horretatik, menderik mende herriaren aho belarrietan besterik aditu ez dutelakotz Nabarra edo Naparra gogora ekarri dutenek baino? Hala duk nere uste ttikia, Iñaki. Egintzak bestela, Naparra guzitik barrena bueltaska bat, eta saiadi zorioneko izen hori, inoizko euskal gramatikarik ez ahoz ez belarriz beregana ez duen edozeinen ezpainetan paratzen, eta egintzak kontu, ea zenbat aldiz ateratzen zaian Nafarroa eta zenbat Naparra. Esate bateko, Basaburu alde honetatik pasatzean Nafarroa gehiago ateratzen bazaik, nere kontu biontzako afaria Leitzan.

Horretan, inor badira eta, Orpustan eta Gil Bera direla uste diat euskal hiztunak erakutsi dituen maiztasunak eta berezitasunak beste deus baino lehen jasotzearen aldekoak. Eta nik ez ziet kontrarik eginen. Haien eta halako guzien aldeko itsua bainaiz, filologo eruditoena baino lehen. Horrekin ez diat esan nahi, hitz bakoitzaren dokumentazioa bildu behar ez denik. Orotariko Euskal Hiztegian egiten ari zaretena, behar beharrezko lana duk, eta ez diat zalantzan jartzen euskararen Korpus nagusia hori ez denik, baina, ez hargatik inon ere hutsik eta koskarik gabea. Hemen, inor ez duk perfekturik Iñaki. Gainera, hitz askorentzako izan zitekek nahikoa eta aproposa zuek ordenadorean sartua daukezuen korpusa, baina, agian ez beste askorentzeko. Ez baitira ahaztekoak, euskararen tradizio idatziak izan dituen muga estuak. Haietatik honuntz gelditzen denak ere, beharko dik ba, bere lekua, non edo han? Ez da hala, Iñaki?

  1. Nik funtsean gauza bakarra eskatzen nian, zorioneko artikulu hartan. Kolore kontuak biltzen ari nintzela, ohartu ninduan, esate bateko, arre adjetiboari «o» erantsiz sortzen zela arreo izengoitia. Gure etxean behi arre bati, arreo deitzen zioaten. Mando nabar bati nabarro, (hor dituk nabarko eta antzeko izenak ere). Ipui eta kanta zahar batzutan maiz ageri den arketipo literario batean ere ikusi diat behi beltzari belio deitzen, zuriari aldiz, zurio; hortatik, surio, txurio, txurionea deitura eta etxe izenak. R.M. Azkuek oker dakarren maxkaro hitza ere, nere idurikotz, ez huke maxkara kolore izenetik sortutako izengoitia baizik. Hitz bihurrera honekin zer ikusirik izan ote lezaken esaten nian Nabarra ala Nabarro delako auzi horren sorrerak ere. Baina, egia esan, ez didak erantzun. Pentsatzen diat zail samarra izanen dela garbiro jakiteko. Igoal ziok; egunen batean ikertuko diat, gogoak hala ematen badit.

Bukatzeko, fabore bat eskatu behar diat. Orotariko Hiztegiaren lau tomo besterik ez zeudek Leitzako liburutegian, eta ez duk sartzen nik jakin nahiko nuken bi hitzen lekukotasunik. Bata «kokoa» hitzarena, eta bestea berriz «errustizie, erreustizie» hitzarena. Lapurtutakoa ordaintzeari esaten zaiok Leitzan «erreustizie ittea». Gaztelerazko «restitución» hitzetik heldu dela esan zidak hemengo aiton ilustratu batek; sermoietan apezek maiz erabiltzen zuten hitza. Goizuetan eta inguruko herrietan ez diat aditu. Leitzarrismo hutsa ote da? Lokalismoa? Ezaguna ote da bestetan ere? Inon jaso ote duzue hitz horren arrastorik. Horixe duk jakin nahiko nukeena.

Beste mesede bat ere eskatu behar diat Iñaki. Hemengo aitona batek esanda zekiat, inguru horretan azokaz azoka ibiltzen direnei deitzen omen diotela «Hamalauenekoak», eta aspaldiskoan nabilak haien zuztarren bila. Miren Larrea delako neska azpeitiar xarmagarri batek argibideak emanda jo nian Mendarora, handik zetozenak omen zirela eta. Ezezkoa jaso nian han. Julian Arrillaga Arriola larogei urteko aitona kaxkaxuri batekin (eskuineko belarria motxa dunarekin) egondu ninduan Ostiral Santu atsaldez, eta esan zidaan, hark ezagutu zituen «Hamalau» bakarrak, eguenero Elgoibarko ferixera etortzen ziren anai bi zirela, bizkorrak oso, eta azkoitiarrak haren ustez. Hark ez zuela beste «Hamalau» konturik aditu? J.M. Satrustegik aditzera eman didanez, «Hamalaua» indarraren euskal deitura mitikoa omen duk. Hortatik Gipuzko aldean hain ezagunak dituzuen: «Honek hamalaua (Jainkoa) dela usteko dik!» , edota gaztelerara ere pasa den «Este se cree un hamalau (un San Dios)!». Badiat honi buruz han hemenka bildutako pasarterik, baina, hemen luzatzen ari gabe, nahiko nikek, Azkoitiko edo nongoak direneko «Hamalau» horien zuztarrena bilatzea, eta ea baden haiei buruzko kontu zaharrik edo ixtorio harrigarririk? Dena dela, dudarik ez egin, Mendaroko aitona belarrimotxak aipatu zizkidan «Hamalau» anaiei zor diela beren izengoitia egun oraindik Azpeitiko azokan ibiltzen diren «Hamalaueneko» horiek. Arrasto horreri segituz, ea deus harrapatzen didaan. Lehenbailen eta hobe, egun hauetan ari nauk eta nere numero kontuei azken ukituak ematen.

Hainbeste mesede eskerekin nere morroitako hartu ote hautan edo pentsatzen hasia izanen haiz gaurgero, eta sostekoan moztuko diat solasa. Ongi izan, eta nahi duan arte.

Patziku

< atzera

Jatorria: Besteak

Copyright mota:

Gaiak: hizkuntzalaritza

Etiketak · Hitz gakoak: